Futbol klubak, azken pasearen zain
Bizitzaren esparru guztietan eragin du COVID-19ak. Horietako bat da futbola. Oraindik ez dute erabaki irmorik hartu, baina ildoa zein izango den argi antzean dago. Kluben iritzia jaso du HITZAk.
Arrigo Sacchi entrenatzaile italiarrak bota —omen— zuen «garrantzirik ez duten gauzen arteko garrantzitsuena da futbola». Garrantzirik gabeko gauzen eskalan mailakatzea norberaren iritzia da; ukaezina dena da jende ugari mugitzen duela kirol horrek. Ez da lehentasuna, baina argitu behar den zerbait da lehiaketen etorkizuna.
Sacchik catenaccio-a irauli zuen. Benetako catenaccio egoera hau klubek nola daramaten galdetu die Hitza-k taldeen ordezkariei, oraindik jardunaldi dezente jokatzeke daudenean. Oarso Bidasoko futbol talde nagusiak dira, dauzkaten talde nagusiek duten mailari dagokionez, Oiartzun (Emakumeen Lehen Nazional Maila), Real Union (Bigarren B Maila) eta Pasaia (Hirugarren Maila).
Koldo Fernandez (OKE)
«Oiartzunek, hilabete hasieran, bere jarreraren berri eman zuen, Gipuzkoako Futbol Federazioak kluboi ekarpenak eskatu zizkigunean: denboraldia bukatutzat eman behar zen, igoera eta jaitsierarik gabe.
Espainiako Futbol Federazioak proposatu du igoerak bai, baina jaitsierarik gabe bukatzea denboraldia. Hasiera batean, Oiartzun Kirol Elkartea ez da horren kontra agertuko, baina baten bat ari da play-offak jokatzea planteatzen. Batzuek baloi batetik harago ez du ikusten!
Kanporaketa batzuk jokatzea bideraezina da gauden egoeran egonda. OKEk ez du jokalaririk sartuko futbol zelai batean ez dugulako kutsatzerik nahi. Logikaren barruan dago. Maiatzaren 9an (printzipioz) bukatuko da konfinamendu gogorrena, eta batzuek uste dute hamabost egunera kirola egin daitekeela. Ez, ez da horrela: dena ondo bidean, urte bukaerarako jokatuko da. Ez dakigu nola hasiko den, gainera, datorren denboraldia.
Igoerarik badago, haren alde egingo genuke, baina play-offik gabe; egin ditzatela koefizienteak edo dena delakoak. Ni naiz lehenengoa falta diren partidak jokatuko lituzkeena, baina ezin bada, ezin da. Onura aterako duenak jaso dezala onura, baina gu egiarekin joan gara. Oiartzunek ez du bere jarrera aldatuko, eta ez diote aldaraziko ere».
Ricardo Garcia (Real Union)
«Real Unionek izan duen jarrera izan da: edo denboraldi osoa jokatu, edo bertan behera utzi. 38 partidako liga bat da, eta bukatu beharko litzateke. Pandemia dela-eta ezin baldin bada bukatu, bertan behera geratu beharko litzateke denboraldia. Eta kito.
Hartu beharreko erabakiak ez lirateke bidezkoak izango. Orain lehenengo edo bigarren doazenek izango lukete igotzeko aukera, baina zer gertatzen da bosgarren edo zazpigarrenarekin? Hamar jardunaldi falta dira bukatzeko, eta gauzak asko alda daitezke. Gure kasuan, antzeko gaude. Jokatu genuen azkeneko jardunaldian sartu ginen jaitsiera postuetan, kasualitatez, baina hiruzpalau partida irabazita sailkapeneko goiko aldean jartzen zara, edo Kopara irits gaitezke; garaipenik gabe, baina ongi jokatzen ari ginen.
Pandemia garai honetan garrantzitsuena sendatzea eta lehen zegoena berreskuratzea da. Futbol zelaiak berriro jendez gainezka ikusi nahiko genituzke, mundu guztia osasuntsu egonda. Bestela, ez da egongo ez futbolik ez ezer. Garrantzitsuena momentu honetan jokalariak eta zaletuak dira. Bigarren B, Hirugarren edo Gazte Mailako futbol zelaiek ez dute gaitasunik norgehiagoka normalak jasotzeko. Premisa horretatik abiatuta, gertakarien arabera jokatu behar duzu, edozein enpresa edo jarduera antolatzailek bezala.
Salbuespenezko egoera bat da. Bukatu ezin dena, ezin da bukatu. Gero ikusiko dugu nola hasiko den. Edo, adibidez, Realak eta Athleticek jokatu behar zuten finala… noiz jokatuko da? Ikuslerik gabe ezin da egin.
Espero dugu hau azkar bukatzea, eta ahal bezain pronto elkar besarkatzea. Ezer baino gehiago behar dugu hori. Gainera Euskadin oso kontaktuzaleak gara, elkarrekin erotzekoak… Beharra dugu. Etorriko dira garai berriak, eta hau baino hobeak izango dira».
Jokin Eskisabel (Pasaia KE)
«Lehengo astean bideokonferentzia bat egin genuen Euskadiko Futbol Federazioarekin eta beste klubekin. Gure jarrera erakutsi genuen hor: Pasaia Kirol Elkarteak nahi zuen lehiaketak bukatzea, baina bertan behera geratu zen proposamen hori.
Eskatu genuen denboraldia baliogabe uztea, igoera eta jaitsierarik gabe. Zer da bidezkoena? Bidezkoena da ezer ere ez. Bidezkoa da play-off jokatzea eta jaitsierarik ez egotea? Bada ez. Bidezkoa izango litzateke dena bertan behera utzi eta sailkapena partidak jokatu aurretik bezala uztea? Bada ez.
Igoerak bai, baina jaitsierarik ez egoteko erabakia hartzen bada, Gipuzkoako futbol taldeek onura izango lukete. Bigarren B Mailan, Real Union egongo litzake sartuta hor, eta Hirugarren Mailan, Tolosa eta Lagun Onak.
Hasi ziren aipatzen play-offak jokatzea, estatu mailan. Baina, dirudienez, bakoitzak bere multzoan jokatuko du. Hasiera batean lehenengo zortziek jokatuko zuten, gero laurek… Bidezkoa da hori? Izan daiteke. Gu ez gaude inplikatuta ez igoerarako ezta jaitsierarako ere, baina Gipuzkoako futbolerako oso ona da.
Ohorezko Mailatik Hirugarren Mailara hiru talde igoko balira, zer izango litzateke, 22 taldeko multzo bat? Horrek suposatuko luke datorren denboraldian asteazkenetan jokatu behar izatea? Pasaia bezalako talde batean lanean edo ikasten ari diren jokalariak ditugu, ez zaigu komeni.
Ikusteko dago hiru talde igoko diren eta ikusteko dago zein jarrera hartuko duen Gipuzkoako Futbol Federazioak. Guretzako onena da denboraldia galdutzat ematea, eta talde berdinek hastea hurrengoa. Hori bai, hor beti norbait aterako da galtzen. Adibidez, lehenengo postuan dago Sestao, eta fitxa guztiak profesionalak ditu. Kasualitatez, Don Boscon galdu egin zuten… Edo lau lehenengoek jokatzen badute play-offa, zergatik ez bosgarrenak? Laugarrenaren eta bosgarrenaren artean bi puntu besterik ez daude…
Egoera berezia dela badakigu, eta uste dut erabaki behar dutenek erabaki behar zutela ‘hau egingo da eta kito’. Aurten hauteskundeak egongo dira federazioan, eta oso polita da esatea igoerak egongo direla baina jaitsierarik ez… Gipuzkoan erabakitzen denarekin, gu, aurrera.
Hori bai, argi eta garbi daukagu: lehenengo osasuna dago, eta gero dator futbola. Futbola denok dugu gustuko, baina bigarren maila batean geratzen da».