Larunbatean itzuliko dira azoken postuak Irunera
Uranzu txiki frontoiak 0 kilometroko produktuen azoka hartuko du hilaren 18an. Eusko Jaurlaritzaren araudi berriaren baitan egingo da eta segurtasuna bermatuz.
Larrialdi sanitarioa honetan, kaleek eta azokek baserritarren faltan sumatu dute. Larunbatean baina, ekoizleak berriz ere itzuliko dira Irunera eta haiekin batera, normaltasun kutsu bat. Hilaren 18an (larunbata) Uranzu txiki pilotalekuak 0 kilometroko azoka hartuko du, hau da, inguruetan ekoitzitako produktuen azoka; betiko azoka. 9:30etatik 13:30etara irekita izango da, eta segurtasun neurri zorrotzak hartuko dira, koronabisurekin kutsatzeko aukerak murrizteko.
Urdanibia plazan egiten den azokako ekoizleen eskariari jarraiki hartu du erabakia Irungo Udalak. Haien egoera zaila zela ikusita, azoka antolatzeari berrekin diote egoera sanitarioak ahalbidetu bezain laster. Urdanibiako saltzaile guztiei eskaini zaie Uranzu Txikira mugitzeko aukera. Hainbat arrazoi direla medio, ekoizle guztiek ezingo dute parte hartu larunbatean, baina hurrengo azoketan parte hartzeko interesa agertu dute askok.
Esan bezala, neurri zorrotzak hartuko dira segurtasuna bermatze aldera. Bezeroen kopurua kontrolatuko da jende pilaketarik eman ez dadin. Eskularruak, maskarak eta gel desinfektatzaileak ere banatuko dira. Ekoizleei gainera, norbera babesteko plastikozko bisera bana emango zaie.
Ekoizleek jasoko dituzten bisera guztiak, gertukoak izango dira. Maker CovidGipuzkoa mugimenduko egileek 3D inprimatzaileekin egin dira bisera horiek. Talde honen lanaren berri izatean, Irungo Udalak 100 kilo material erosi zuen, iniziatibarekin bat egiteko. Irun Factory-ko instalazioak ireki eta biserak sortzen aritu dira ordutik. Elkarlan horren ondorioz, Maker CovidGipuzkoamugimenduak 1000 bisera eman dizkio udalari. Horiek dira alegia larunbatean erabiliko dituztenak azokan. Aurrerantzean ere bestelako ekintzetan erabiliko dira biserak, adibidez, Merkairungo postuetan.
Bidashop eta Mugan elkarteen bitartez, biserak herriko merkatarientzat eskuragarri jarri nahi ditu udalak. Oraindik udalarekin harremanetan ez diren merkatariak, posta elektronikoz eskatzeko aukera dute.
Ekobaratzak
Azokarekin batera, baratza komunitarioak ere itzuliko dira. Garapen Jasangarrirako sailak jakinarazi duenez, Puianako ekobaratzetara ere joan ahalko dira herritarrak. Kasu honetan ere, segurtasun neurriak zorrotzak izango dira eta denbora mugatua.