Bakoitzari berea
Osasun larrialdiarekin ezarritako konfinamenduak egun osoa elkarrekin etxean eman beharra ekarri die familiei. Bakoitzak bere espazioa izatearen garrantziaz erreportajea egin du Sara Etxebeste KonMari aholkulariak.
Koronabirusa dela-eta etxetik atera ezin garen garai honetan, familia zein pisukideekin dugun elkarbizitza nabarmenki areagotu da. Kasu askotan, apenas elkar ikustetik, une oro batera egon behar izatera pasa gara, eta honek, espazio pertsonal eta komunaren arteko desoreka izugarria ekarri du.
KonMari metodoak norberaren espazio pertsonala babestu, txukundu eta antolatzea gomendatzen du, etxean igaro behar ditugun egun hauek ahal den arinenak eta erosoenak izan daitezen. Koronabirusaren zabalpena ekiditeko neurri eraginkorrenetako bat etxetik ateratzeko debekua izan da, eta horren harira ezarri zuten agintariek konfinamendua hilaren 20an. Hasieran bi astekoa izan bazen neurria, orain hilaren 12ra arte luzatu dute —ikusi beharko luzapen gehiagorik ez duen neurriak datozen egunetan—, 24 orduz elkarrekin egon behar izatera behartu gaitu eta ondorio nabarmenetako bat da espazio pertsonalaren eta komunaren arteko desoreka. Horri lotuta, inoiz baino ezinegon, liskar eta ondorio latzagoak sor daitezke etxe lasaienetan ere. Konfinamendua martxan jarri zenetik, besteak beste, biolentzia matxista kasu larriak azaleratu dira jada.
Espazioak identifikatu
KonMari metodo honek nabarmentzen du espazio pertsonala beste inorekin elkarbanatzen ez dugun gunea dela. Testuinguruaren arabera era batekoa edo bestekoa izan daiteke: gela propioa, norberaren armairu zatia, lanerako egokitutako mahaia edota goizetan kafea hartzeko gustuko duzun katilua izan daitezke adibide batzuk. Argi: ez ditugu espazio pertsonala eta indibidualismoa nahastu behar, zeharo desberdinak dira eta. Espazio pertsonalak zure burua ezagutu, zaindu eta errespetatzea dakar, baina indibidualismoak ez bezala, ingurukoak ere kontuan hartzen ditu.
Etxean egon behar dugun egun hauek ahal den goxoenak izateko norberaren espazio pertsonalak identifikatu eta KonMari metodoaren bidez ordenatzea gomendatzen dut. Horretarako lehen aholkua koaderno bat hartu eta etxetik buelta bat ematea da. Gelaz gela norberak dituen espazio pertsonal guztiak identifikatu beharko dira. Ahal den zehatzena izatea aholkatzen du, horrela duguna balorean jarri eta faltan izan dezakegunaz ohartuko baikara.
Behin zerrenda egina dugula, gure bizitza ideala irudikatzeko denbora bat hartu behar dugu. Tontakeria edo denbora galtzea dirudi, baina zein bizitza mota desio dugun jakiteak hastera goazen prozesua arinago eta sakonagoa bihurtuko du. Irudimen ariketa bat da, jolas baten moduan, inongo epairik gabe egin beharrekoa. Behin hori eginda, Marie Kondok [metodoaren sortzaile japoniarra] proposatzen dituen kategoriak jarraituz ordenatu beharko genituzke gure ondasun guztiak: arropa, liburuak, paperak, komono —beste kategorietan sartzen ez den guztia — eta objektu sentimentalak. Horrela, etxe guztia ordenatzeko aukera izango dugu, norberaren espazio pertsonaletik hasi eta espazio komunetaraino.
Bigarren honetan, noski, adostasunak bilatu beharko dira etxean bizi diren guztiak asebeteko dituen konponbideak topatzeko. KonMari metodoaren arabera, kategoriaka ordenatzea gelaka antolatzea baino askoz egokiagoa da. Zenbat aldiz saiatu zara etxea gelaka ordenatzen? Eta zenbatetan lortu duzu amaitzea? Ziur aski, behin ere ez, zati bat amaitu orduko bestea jada hankaz gora egon ohi delako. Kategoriaka ordenatuta, aldiz, zer duzun eta bakoitzetik zenbat duzun jakin ahal izango duzu.
Zoriontasunaren arabera
Metodo honen beste oinarrietako bat objektuak sortzen diguten zoriontasunaren arabera aukeratzea da. Garrantzisuena ez da zer botatzen dugun, mantentzea
erabakitzen duguna baizik.
Aukeratzen ditugun objektu horiek gure esentziaz hitz egiten dute, gure interesak, beharrak, nahiak eta ametsak islatzen dituzte. Horregatik, praktikotasuna eta zentzua erabiliz aukeratzea garrantzitsua bada ere, sortzen duen zoriontasuna kontuan hartzea ezinbestekoa da.
Bestalde, kategorien ordena ez litzake aldatu behar. Kategoriak errazenetik zailenera ordenatuak daude, eta prozesuan zehar, zoriontasunaren bidez aukeratzen trebatzen lagunduko digu. Pentsa, zer da botatzen errazagoa, Zarako kamiseta basiko bat edo txikitako argazki kuttun bat? Zoriontasun maila ezberdinak daude bizitzan, eta gainera, bakoitzak era ezberdinean ulertu edo definitzen dugu kontzeptu hau. Zer da zoriontasuna zuretzat? Ziur egun hauen ostean, ustez zoriontsu egiten gintuzten gauza asko bigarren mailakoak irudituko zaizkigula. Eta alderantziz, garrantzirik ematen ez genionari, begirada berri batekin begiratuko diogu.
Ñabardurak ñabardura, egin beharrekoa antzekoa da kategoria bakoitzean. Lehenengo, kategoria horretan sartzen diren objektu guztiak bilatu eta bildu beharko ditugu. Guztia lanerako erabiliko dugun gelan bilduta dugunean banaka-banaka objektuak hartu eta zer sentitzen dugun ikusi beharko genuke. Zoriontsu egiten nau? Zer dut gustuko? Zein oroitzapen dakarkit? Nola sentiarazten nau? Zergatik da garrantzitsua niretzat? Zertarako behar dut?… Asko dira objektu baten inguruan egin daitezkeen hausnarketak. Maiz dirudiena baino lotura estuagoa dugu gure ondasunekin, eta onartzea kostatzen zaigun arren, gehienetan ez dute praktikotasunarekin zerikusirik izaten, harreman edo emozioekin baizik.
Bakoitzari bere tokia
Kategoria bakoitzeko ondasun guztiak berrikusi ondoren, objektu bakoitzari bere tokia bilatu beharko litzaioke. Gauzak gordetzerako orduan, Marie Kondoren metodoak horren ezaguna bihurtu duen sistema bertikala erabiltzea da gomendagarriena. Horrela, tokia aurrezteaz gain, guztia begien bistan eta eskura izango dugu.
Kategoria bakoitzaren berezitasun bat aipatzearren, zera esan daiteke: arroparen kasuan, sistema bertikala bereziki garrantzitsua da. Arropa gehiena bertikalean mantentzen diren paketetxoetan tolesten badugu, guztia eskura izango dugu eta jantzi bat hartzen dugun bakoitzean ez da gainontzekoa nahastuko. Armairuan apalak besterik ez baditugu, kartoizko kaxak birzikla ditzakegu arropa erosoago antolatzeko.
Liburuei dagokionean aholku garrantzitsuena, badaezpada edo irakurtzeke ditugun liburuak kentzea da. Orain arte ez badituzu irakurri ez duzu haien falta sumatuko. Gainera, egun, liburutegien arteko maileguari esker ia edozein liburu eskura daiteke.
Paperen kategoria salbuespena da. Hemen zoriontasuna alde batera utzi eta alde praktikoari bakarrik egin behar zaio jaramon. Kontu handia izan behar da, baina oinarri nagusia ahal den dokumentu gutxien gordetzea da. Pertsona gehienek ez dute dokumentuen inguruan ezer jakin nahi. Ez dituztela ulertzen, konplexuak direla pentsatzen dutenez, alboratu eta beldurra hartzen diete. Nire helburua gai honi argitasuna eman eta sinpletasuna bilatzea da, dirudiena baino errazagoa dela ikus dezazuen.
Komono edo denetarik kategoria da guztietan zabalena. Horregatik, ezinbestekoa da azpisailetan banatzea —material elektrikoa, osasun edo garbitasunerako produktuak, sukaldeko tresneria, janaria, dirua, aisialdiko materiala eta abar— eta ilusioa galdu gabe pixkana lantzea.
Objektu sentimentalak
Objektu sentimentalak dira azkeneko kategoria. Amaierarako uztea garrantzitsua da, hauekin dugun lotura handiagoa izanik aukeratzen trebatua egotea oso lagungarria delako.
Aukeraketa egin ondoren, azkeneko pausua etxean ditugun gauza guztiei toki zehatz bat ematea da. Horrela, prozesua amaitzen dugunean gure lan bakarra gauzak erabiltzen amaitu orduko bere lekura itzultzea besterik ez da izango. Arau hau zorrotz betetzea da ordena denboran mantentzeko modu bakarra. KonMari prozesua salbuespena izan behar da. Osorik eta denboran gehiegi luzatu gabe burutuz gero, bizitzan behin egitea nahikoa da. Ondoren, ordena mantendu eta noizean behin eguneratzea besterik ez da.
Eskaini behar zaion energia eta denborak, esfortzua eta konpromisoa eskatzen ditu, baina, zalantzarik gabe, ekartzen dituen onurek merezi dute: zeure burua ezagutu eta zaintzeko modu bat da.
Etxeak eta espazio pertsonalak ordenatzera dator KonMari metodoa
Etxebizitza ordenatuta eta txukun izateak norberarentzat dituen onurak ezagunak dira. Ez da lan erraza, ordea, ordenu hori lortu eta denboran mantentzea. Horretan aditua da Marie Kondo japoniarra, eta azken urteetan oso ezaguna egin da bere metodoagatik; ia lau miloi liburu saldu ditu dagoeneko Kondok.
Bere metodoak etxebizitza zein bulegoetarako balio du. Ideia bat nabarmentzen du, balio pertsonaletan oinarritu behar da ordena, norberak bizi nahi duen araberako balioetan oinarritu, zehazki.
Zoriontsu egiten gaituzten eta ezinbestekoak diren objektuak gorde eta gainontzekoak botatzeko aholkatzen du aditu japoniarrak bere metodoan; azken hori, bizitzan behin egin behar dela dio, eta behin hasita amaieraraino eraman behar dela, erdizka utzi gabe.
Agiridun bakarra
Sara Etxebeste errenteriarra, Euskal Herriko KonMari aholkulari agiridun bakarra da. Bere helburua da KonMari metodoaren bidez etxeak eta espazio pertsonalak ordenatzen laguntzea, pertsona bakoitzak bere esentziarekin konektatu eta benetan behar edo desio duen bizitza izan dezan. Zentzu horretan, metodo bat baino gehiago, norberaren ezagutza, hazkuntza eta errespetua bultzatzen duen bizi-jarrera bat dela dio KonMari metodoa, eta bere lana, hortaz, espazioak antolatzen laguntzea da bertan bizi dena zoriontsu izan dadin. Aurreko erreportajean, metodo horren gaineko zehaztasunak eman ditu Etxebestek lehen pertsonan.
Aholkularitza saioak
Marie Kondorekin egindako formakuntzari esker aholkularitza eskaintzen du zuzeneko saioetan, baita online formatuan ere. Horrez gain hitzaldiak, tailerrak eta topaketak ere burutzen ditu gai honen inguruan.