OARSO BIDASOKO HITZAko langileak etxetik ari dira lanean
OARSO BIDASOKO HITZAk koronabirusari aurre egiteko ardura pertsonal eta kolektiboekin bat egin du. Informazioa zehatz ematen jarraituko du.
Koronabirusaren pandemia eragiten ari den egoeraren aurrean, lan egiteko moduan aldaketak egitea adostu du OARSO BIDASOKO HITZAko lantaldeak. Covid-19 birusa osasun krisia ez ezik, krisi soziala eta ekonomikoa ere eragiten ari da, eta uste dugu koronabirusaren zabalpena saihesteko ardura pertsonalak eta kolektiboak hartzea ezinbestekoa dela.
Hori guztia dela eta, OARSO BIDASOKO HITZAko langileok etxetik lan egiteko erabakia hartu dugu. Horretarako, ditugun baliabide teknologikoak erabiliko ditugu, lana normaltasunez egin ahal izateko Gauzak horrela, gure esku dagoen guztia egingo dugu gure funtzionamendu egokia ahalik eta gehien bermatzeko.
Etxetik lan egiteko erabakiak bi helburu ditu. Batetik, zaintza eta lana uztartzea, ahalik eta malgutasunik handienarekin. Bestetik, ikuspegi epidemiologikotik, HITZAren funtzionamendua bermatzea: lankide bakoitza nor bere etxean arituta, bermatuko litzateke lankideren bat gaixotuz gero edo berrogeialdian jarriz gero ez lukeela horrek HITZAko erredakzio osoan eragingo —horrek, izatez, kolokan jarriko luke hedabidearen funtzionamendua—.
- Webguneari dagokionez, koronabirusak herrietan duen inpaktuaren inguruko jarraipena egitea da gure asmoa, herritarren bizitzetan eta aktualitate informatiboan izaten ari den eraginaz jakitun. Era berean, pandemiaz gain auzo eta kaleetan gertatzen direnen inguruan informatzen jarraitzeko helburua dugu.
- Astekariari dagokionez, gaur gaurkoz datorren ostiralean (martxoak 20) astekaria argitaratzekoa asmoa dugu, baina datozen egunetan horren inguruko erabakiak komunikatuko ditugu. Ostiraleko astekariak, egoerak hala behartuta, aldaketak izan ditzake edukietan.
- Komertzialak eta sustapen arduradunak ere bai etxetik egingo dute lan.
Neurri hauek gaurtik aurrera (martxoak 16), hartuko ditugu, eta egunean eguneko egoera aztertuta joango gara antolaketari buruzko erabakiak hartzen.