Danontzat eta Bi Ondar, Gipuzkoako bakailao pintxo onenen artean
Donostiako Oquendo taberna Hondarribiko bi jatetxeen aurretik geratu zen; Irungo Manolo eta Callejon tabernek ere sariak jaso zituzten.
Saiakerak premia dakarrela frogatu zuten atzo Donostiako Oquendo tabernaren langileek. Hainbat urtez aurkeztutakoak dira eta atzo helburua lortu zuten; haiena, Gipuzkoako bakailao pintxorik onena da. Atzo jokatu zen VI. Gipuzkoako Bakailaozko Pintxo Txapelketaren finala, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Hondarribiko Danontzat eta Bi Ondar jatetxeek bete zituzten podiumeko bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren. Irunen ere, Callejon eta Manolo tabernek sari bana eskuratu zuten.
Txapelketara aurkeztu ziren 40 tabernetatik, 15 onenak lehiatu ziren finalean. Livecooking ala zuzeneko sukaldaritzako formatuan garatu zen proba, jendaurrean. Oholtza gainean mahai handi bat eta alde bakoitzean, sukaldariak, sortzen. Haiekin batera Claude Calvet, Rebeca Barainca eta Felix Manso sukaldariek, Mikel Corcuera eta Catherine Marchand kazetari eta kritikariek osatutako epaimahaia izan zen.
Esan bezala, Donostiako Oquendo tabernak irabazi du 2020ko sari nagusia, Bombas-bombas izeneko pintxoari esker. Tranpa-gutizi bat da Carlos Nuez sukaldariak egindakoa. Kremazko bonba itxura izan arren, bakailaozko pintxo gazia da “hiru testura ditu: ajoarriero tripakiak, kokotxak eta bakailaozko krema gazi bat. Azal frijituarekin lagunduta doa eta limoi hautsak azukrearen itxura egiten du”, azaldu du Nuezek. Hunkituta eta oso pozik agertu zen sukaldaria, “maila hain altuko pintxoen artean nirea onena izatea, zoragarria da”.
Arratsalde bikaina izan zen Danontzat eta Bi Ondar Hondarribiko bi ordezkarientzat, taberna horiek osatu baitzuten pintxo onenen podiuma. Danontzat tabernak eraman zuen txapelketako bigarren saria eta Bi Ondar-ek hirugarrena Pantxikutuna pintxoari esker. Bakailaoarekin kozinatzea “plazerra” da Iker Gallegorentzat, produktuak ematen dituen aukerengatik “mugagabeak dira bakailaoarekin egin daitezkeen errezetak. Berdin dio takoan zerbitzatzen baduzu, kroketan ala bexamelean, bakailaoa elikagai ederra da”. Txapelketan eskarmentu handia du Iker Gallego chefak; parte hartzen duen hirugarren aldia baita eta beti jaso du sariren bat.
Atzo argi geratu zen Irungo tabernetan iaioak direla bakailaoa edariekin uztartzen. Manolo eta Callejon tabernek eskuratu zuten ardo beltz eta zuriarekin hoberen uztartutako pintxo onenen sariak. Oarsoaldera ere ekarri zuten sari bat; Errenteria-Oreretako Xera Gastrotekaren Bakailao Rocher-ek estetika saria irabazi zuen.