Beste eredu baten aldeko sortzailea
‘Maita ditzagun gure sortzaileak’ HITZAren kanpainan parte hartu ondoren, indartsu ekin dio urte berriari Igor Obeso beiragileak. Geltoki historiko baten eraberritzea eta ‘Beira bero erara egindako pintxoak’, proiektu berriak.
Ziurgabetasunean bizitzera ohitu da Euskal Herriko azken beiragilea. Ohitu da, harentzat ez delako kontu berria, 20 urtetik gora daramatza hilaren bukaeran etekin nahikoak izango ote dituen jakin gabe, beiragintzan hasi zen unetik alegia. Artisaua da Igor Obeso hondarribiarra, eta ziurgabetasuna da bere ustez, artisau gehienek jasan behar duten zerbait. Baina artisau osoa da Obeso, sortzen duena maite du eta ez du gelditzeko asmorik; gauzak beste modu batera egiten dituelako eta egiten duena, beharrezkoa delako.
Gizartearen kontsumo eredua zentzu batean doan honetan, artisauak «korrontearen kontra» doazela dio Obesok. Haiena ezohiko lan bihurtzen ari denez, artisau, sortzaile eta ekoizle txikien saretzean sinesten du beiragileak, «elkarri babesa emateko», alegia. Kontsumo ereduekin batera, bezeroak ere aldatu dira, izan ere, lehen edonork jotzen zuen inguruko ekoizleengana. Gaur egun, ordea, artisau batengana jotzen duenak, balore jakin batzuk babesten dituelako da, «jendeak Amazon delakoan eta beste multinazionaletan erosten du, badakite kalitate txarreko produktuak direla, baina berdin zaie. Guregana jotzen dutenak bestelako salerosketa eredu baten alde egiten dutelako da». Kalitatea, gertutasuna, tokiarekiko konpromisoa eta ingurunearekiko jasangarritasuna; hori eskaintzen dute Bidasoa eta Oarsoaldeko sortzaileek. Gauza gutxi dira, baina garrantzia handikoak, gizarte bat gorpuzten duten horietakoak.
Konpromisodunak, baina askotariko bezeroak ditu Igor Obesok; artistekin lan asko egiten duela dio beiragileak, «lantokira datoz, zertan diren azaltzen didate eta nik haiek nahi dutena erreproduzitzen dut, Txillida edo beste edozein artistaren lanarekin egiten den bezala». Artistekin duen elkarlan horren eredu on bat da Irungo Urdanibia plazan abenduan antzeztu zen Espejismo paraíso dantza garaikide ikuskizuna. Migratzaileen zaurgarritasuna eta ziurgabetasuna irudikatzeko lana izan zen, zeinetan puztutako beirazko eskultura batek, migratzaileen nahi eta ametsak irudikatzen zituen. Igor Obesoren tailerrean egindakoa da pieza hura.
Arteaz harago, egunerokoan erabilgarriak diren objektuak egiten ditu, jatetxeentzako pitxarrak, edalontziak eta bestelakoak. Urte berriarekin batera, proiektu eder batekin bat egin du hondarribiarrak; Canfranceko (Huesca) geltokiaren lanpara berriak egingo ditu «denak lapurtu zituztenez, berriak egiteko eskatu zidaten niri», dio. Pirinioen magalean kokatzen da Canfranc, eta herri txikia bada ere, historia oparoa du, batez ere, geltokian gertatutakoengatik. Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean nazien eta frankisten aurkako erresistentziako kideak bertatik igaro ziren. Luzaz utzikeria jasan du geltokiak, baina erakundeek hura eraberritzeko konpromisoa hartu dute eta Obeso proiektuaren parte izango da. Sukaldaritzara ere egingo du salto 2020an; hainbat sukaldarirekin Glass Cooking egitasmoa abiatu nahi du. Hau da, beira goriarekin kozinatzeko egitasmoa da.
Eraberritu ala hil
Ofizio batean bakarra izateak baditu bere abantailak; gutxi ala asko izan, eskari guztia langile batengana joango dela, adibidez. Baina bere ongizateaz harago, ofizioaren etorkizunak kezkatzen du Obeso: «Ez dut azken beiragilea izan nahi, pena ikaragarria litzateke, baina gaur-gaurkoz gerta daiteke».
Ordezkoak aurkitu ezean, beiragintza eta beste hainbat ofizio desagertuko dira datozen urteetan. Langileek irakatsi eta gazteek ikasi nahi dute, baina sinpleki, ez dute baliabide nahiko. Gaur egun langileek denbora eta dirua galduko lukete. Ikasleek, ordea, ez dute babesik lanari ekiteko. Erakundeek dute artisautza babesteko giltza.