Borja Senperrek politika uztea erabaki du
Gaur egun, Borja Senper Gipuzkoako PPren presidentea eta alderdiaren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea ere bada. Kargu horiek guztiak uzteko bidea hasiko du laster.
Gipuzkoako PPko presidente eta Eusko Legebiltzarreko PPren eledun Borja Senperrek politikatik ateratzea erabaki du, eta datozen egunetan utziko ditu alderdian dituen ardurak eta kargu publikoak. Eguerdian Donostian agerraldi bat egingo du, eta orduan azalduko ditu horretarako arrazoiak.
Borja Senper Pascual Irunen jaio zen (Gipuzkoa) 1976. urtean. 17 urte zituenetik da PPko kidea, 1995etik, alegia. Irungo zinegotzi gisa hasi zen erakundeetako ardurekin. Eusko Legebiltzarreko kide da 2003. urtetik, eta alderdiaren eledun bihurtu zen erakunde horretan 2013. urtean, Arantza Quiroga politika uztera eraman zuen krisiaren ondoren.
Gipuzkoako PPko buru aukeratu zuten 2003an, ia aho batez, eta presidente izan da geroztik. Une honetan, ardura hori edukitzeaz gain, legebiltzarkidea da, eta zinegotzia Donostian.
Baina arazoak eduki ditu alderdiaren barruan, 2018. urtetik. Urte hartan PPk egin zuen kongresuan, Soraya Saenz de Santamariaren hautagaitzaren alde egin zuen Senperrek, EAEko PP osoak bezala. Saenz de Santamariak galdu egin zuen lehia, ordea, gaurko presidente Pablo Casadoren aurrean. Geroztik, hainbat gatazka eduki ditu Senperrek alderdiaren zuzendaritzarekin. Esaterako, PPren exekutibak Iñigo Arkauz Gipuzkoako zerrendaburu gisa ezarri zionean Espainiako hauteskundeetarako.
Beste aurrez aurreko publiko bat eduki zuen joan zen irailean PPren Espainiako Kongresuko eledun Cayetana Alvarez de Toledorekin, hark EAEko PPko kideei abertzaleekiko «epelkeria» egotzi zienean, eta foraltasunaren alde egitea aurpegiratu zienean. Alvarez de Toledok esandakoak «akats larria» zirela ohartarazu zuen orduan Senperrek: «Guk odolez eta malkoz ordaindu dugu konstituzioa eta Espainiaren ideia defendatu izana; batzuk moketa erosoen gainean ibiltzen ziren bitartean, guk bizitza jokatzen genuen hemen elkarbizitza defendatzen».
EAErako estatu berriaren inguruko negoziazioen inguruan, EAJk eta EH Bilduk «ezarritako bidea betetzen» ari zela esan zuen abenduaren hasieran. «EAJk, Elkarrekin Podemosek eta, batez ere, PSE-EEk ez dute interesik legebiltzar honetan ezein dokumentu tramitatzen hasteko, Pedro Sanchezen inbestidura argitu arte», adierazi zuen orduen. «Erabakiak ez dira hemen hartuko, Euskadin: hemen hartuko dira, Madrilen beste mahai batean gertatzen denaren arabera».
Pasa den urtean, Senper izan zen PPren Donostiako alkategaia, eta hiru zinegotziak mantentzea lortu zuen udal hauteskundeetan. IRUTXULOKO HITZAk elkarrizketatu zuen, eta euskaraz erantzun zituen galderak ondorengo bideoan.