Bi hondarribiar, 'El Conquistador del Caribe' telebista saioan
Andrea Azkune eta Iosu Silanes dira partaideak. Atzo eman zuten ETB2ko telebista saioaren lehen atala, eta bertan aurkeztu zituzten lehiakideak.
Atzo gauean eman zuten Euskal Telebistaren bigarren katean (ETB2) El conquistador del Caribe telebista saioaren lehen atala. Batez ere, aurten lehiakide izango diren (iaz egin zuten saioaren grabazioa, Dominikar Errepublikan) 36 kideen aurkezpena egin zuten bertan. Talde horretan, Andrea Azkune eta Iosu Silanes hondarribiarrak daude.
Telebista saioko partaideen fitxan agertzen denez, Azkune entrenatzailea da, arte martzialetan aditua, eta defentsa pertsonalean Espainiako Txapeldun izan zen 2018an. 29 urte ditu. Gainera, iazko Londresko OCR (Obstacle Course Races) Munduko Txapelketan (oztopo lasterketak dira) txapeldun izan zen taldekako proba mistoan.
Iosu Silanes, berriz, arrantzalea da eta 38 urte ditu. Telebista saioko fitxan jasota dago Silanesentzat arrantzan egotea reality show batean egotea bezala dela, “20 eguneko arrantzaldian egotea, 14 pertsonarekin eta 36 metro koadroan, halako zerbait da”.