Zaldunborda proiektua guztiz eten arte lanean jarraituko du EH Bilduk
Atzoko erabakia herri mugimendu eta tokiko merkatariek egindako lanaren ondorio izan dela adierazi du koalizioak.
Atzo jakinarazi zuen Hondarribiko Udalak Zaldunbordako proiektua ahalbidetzen zuen 1134 Alkatetzako Dekretua indarrik gabe gelditu zela. Higertoki enpresak ez zituen plan partzialerako zuzenketak egin eta ondorioz, udal arkitektoak ez zion onespena eman proiektuari.
EH Bilduk “albiste ona” dela aipatu du. Abertzaleek oroitarazi dute, “merkataritza gune handiak mugatzen dituen” lege berria, aho batez onartu zuela Gasteizko Parlamentuak. Erabakia udal arkitektoarena izan arren, herriko eragileen papera nabarmendu dute, “herri mugimenduek eta tokiko merkatariek egindako lanaren ondorio da”.
Dena dela EH Bildu arreta handiz jokatzeko eskatu dute, “gaur hasierako onarpena eraginik gabe bada ere, horrek ez du esan nahi Zaldunborda proiektua bertan behera gelditu denik”. Helburu horri jarraiki, egitasmoa guztiz gelditu arte lanean jarraituko dutela adierazi dute, “legeak agintzen duen bezala”.