PSE: "1134 dekretuaren indargabetzeak, dibertsifikaziorako aukera eman du"
Hondarribiko PSEk begi onez hartu du Txomin Sagarzazuk 1134 Alkatetza Dekretua bertan behera utzi izana.
Pozik da Iosu Alvarez Hondarribiko PSEren bozeramailea, 1134 Alkatetza Dekretua eraginik gabe gelditu delako. “Gipuzkoako Batzar Nagusien, Eusko Legebiltzarrak, oposizioko indar politikoen eta Bidasoko merkatariek elkarlanean lortutako urratsa da” adierazi du Alvarezek. Oposiziotik egindako lana nabarmendu dute, hasieratik salatu baitzuten, Zaldunbordarako proposatzen zena, legez kanpoko proiektua zela.
Sozialistak proiektuarekin eta proiektuaren kudeaketarekin hasieratik kritiko izan zirela gogorarazi du alderdiak, “beti esan dugu ez zitzaigula iruditzen egoki, ezta komenigarria ere proiektua aurkezteko modua. Alegia, Merkataritza Guneak mugatzen dituen 10/2019 legea onartu baino 24 ordu lehenago aurkeztea proiektua”.
Egoera berriak baina, “Hondarribiko eredu ekonomikoa dibertsifikatzeko” aukera ematen duela adierazi du PSEk, gaur egun herriko ekonomia zerbitzuen baitan dago eta, “Hondarribiko ekonomiaren %82a zerbitzuetara zuzenduta dago”. Iturri ekonomikoak zabaltzeko, Zaldunbordan “ingurunearekiko jasangarria den industriagunea” egitea proposatu dute.
PSEko iturriek gaineratu dute, haientzat tokiko komertzioa “estrategikoa” izaten jarraitzen duela.