Tsunami demokratikoa Behobiara eramatera deitu dute
Gaur arratsaldean 18:00etan Irungo muga kolapsatzeko deia egin dute, autoak modu geldoan mugiaraziz. Oiartzungo ordainlekutik hasiko da mobilizazioa.
Tsunami Democratic-en olatua Euskal Herrira iritsiko da arratsalde honetan —hilak 12—. Sare sozialen bitartez egindako deialdia izan da, Katalunian egiten dituztenak bezala.
Behobiako muga kolapsatzera deitu dute, AP8 errepidean, 18:00etan. Autoak orduko 60 kilometrora joateko deialdia egin dute, Baionako noranzkoaren bi errailetatik, emergentziazko argiak piztuta dituztela. Karabana hori Oiartzungo ordainlekuan hasiko da, ordu horretan, eta Hendaiako ordainlekua pasa ondoren bukatuko da.
Tsunami Democratic-ek adierazi duenez, arazoa ez dira ez Euskal Herria ezta Katalunia ere. “Arazoa estatua bera da, ez delako gai berak sortu duen arazoari irtenbide bat emateko”, zehaztu dute.
Behobiako muga ixteko deialdia egin dute, La Jonquera ixtearekin batera. Irtenbide demokratikoa eskatuko dute, eta errepresaliatutako pertsona guztien berehalako askatasuna. “Elkartasunetik harago doan deialdia da. Gure eskubideen alde elkarrekin borroka egiten dugun herriak indartsuagoak gara”, esan du Tsunami Democratic-ek.
Gaineratu dutenez, eskubideak aldarrikatzen direnean eskubide horiek denentzako direla esan dute. “Errepresioa onartzen denean, berandu baino lehen denoi eragingo gaitu. Hilabete hauetan ikasi dugu herria kalera ateratzen denean, olatu bat bezala, Mendebaldeko Europako estaturik zapaltzaileenak gainezka egiten duela”.
Eta Tsunami Democratic-ek katalanez argitaratu duen oharra euskaraz bukatu dute: “Hik bultza gogor hortikan. Ta bultza nik hemendikan Ikusiko dek nola-nola laister eroriko den“.