Zaintza lanen errealitate iluna
Oarsoaldeko eta Bidasoko hainbat eragilek zaintza lanetan jarduten duten emakumeen egoera aintzat hartu dute, ekonomia eraldatzailetik egin daitezkeen ekarpenak aztertzeko.
Kooperatibismo berria, eredu produktiboaz harago doa. Gaur egun, kooperatiba eta ekonomia eraldatzailearen arloan jarduten duten eragileek ahalduntzea eta gizarte aldaketa dute helburu gisa.
OlatuKoop sarean biltzen diren elkarte, erakunde eta enpresek demokrazia ekonomikoa bultzatzeko modurik onena, zapalkuntza handiena pairatzen duten kolektiboetara hurbilduz dela uste dute. Kolektibo ugari dira baztertuak direnak, baina badago zapalkuntza bortitza pairatzen duen talde handi bat: zaintza lanetan jarduten duten emakume atzerritarrena. Gizartean errotuta dagoen errealitatea da, zalantzarik gabe, baina zeharo ezkutatua dago emakume horien lana. Gainera, gizarte kapitalistaren zapalkuntzaren paradigma dira; era askotariko biolentzia estrukturalak pairatzen dituzte: matxismoa, arrazakeria, klasismoa… Gizartearen zapalkuntza estrukturala emakume hauengan gorpuzten da.
Oarsoaldeko eta Bidasoko Talaios eta Hiritik At kooperatibak, Irungo Parean berdintasunaren aldeko elkartearekin batera, kolektibora hurbildu dira, errealitate hura hobeto ulertzeko, eta kooperatibismotik egin daitezkeen ekarpenak aztertzeko,«bazterkeria sozialaren aurkako borrokan eragin nahi badugu, prekarizatuak dauden sektoreekin elkarlanean aritzera behartuta gaude. Zaintza lanetan jar-duten duten emakume etorkinena prekarizatuenetako bat da,eta asko dira», adierazi du Miren Lantz, Parean elkarteko eta Hiri-tik At kooperatibako kideak.
Ikerketa prozesuari nola aurre egin izan zen lehen erronka. Betiko botere harremanak eta euro-zentrismoa errepikatzerik ez zutela nahi nabarmendu du Lantzek, «argi genuen umiltasun osoz ekin behar geniola proiektuari. Ezjakintasunetik abiatu ginen, guk emakume hauei ez dugu ezer irakasteko, tresna lagun-garri bat izan nahi dugu besterik ez». Uste baino arazo gehiago topatu zituzten emakumeekin bategiteko, haien lan baldintza kaskarrak direla eta, oso denbora gutxi baitute. Kolektiboarekin zuzeneko harremana duten eragileen bitartez izan zuten lehen hartu emana, hala nola, Caritas, Adiskidetuak edota SOS Arrazakeria. Haien bitartez lortu zuten hainbat emakumerekin biltzea ekainean.
Zaintza lanen krisia
Emakume hauek egiten duten lana ikusezin bezain transbertsala da, familien esparru pribatuko arazotzat hartzen baita populazio guztiari eragiten dion arren. «Pertsona orok zaintzaren beharra du. Uneren batean ala bestean denok behar izan dugu edo beharko dugu laguntza hainbat jarduera aurrera eramateko», esan du Lantzek. Zaintza lanen krisia, mendebaldeko bizimoduan ematen diren aldaketa bizkorren isla baino ez da.«Duela gutxira arte zaintzaren arduradunak etxeko emakumeak izan ohi ziren, eta noski, lan horrek ez zuen inongo errekonozimendurik, are gutxiago soldatarik», dio ekintzaileak.
«Emakume hauek egite duten lana ikusezin bezain transbertsala da»
Miren Lantz Parean elkarteko eta Hiritik At kooperatibako kidea
Egungo zaintza eredua, ordea, azpikontratazioarena da, hau da, hirugarren lagun bati ordaintzearena zaintza lan horiek egin ditzan. Eredua, baina, bestea bezain baztertzailea da eta berriz ere, emakumeen zapalkuntzan oinarritzen da, normalean atzerritarrak.
Lantzek dio zaintza lanetan jarduten duten emakume gehienek profil berdintsua dutela, «gehienak latinoamerikarrak dira, maila ekonomiko apalekoak, erregulaziorik gabekoak eta batzuk egoera biolento batetik ihesi iristen dira. Asko eta asko, gainera, zorpetzen dira iritsi bezain laster, hegaldia ordaintzeko erabili duten dirua itzuli behar dute eta». Lur hartu bezain laster, zaurgarritasun egoeran daude, erregulaziorik gabe eta zorpetuta. Gainera, jatekoa eta lo egiteko leku bat topatu behar dute. Larritasun horien aurrean emakume hauek premiazko irtenbide bat behar dute, Lantzen hitzetan, «edozein lan eta edo-zein baldintzetan» onartzeko prest egon behar dute.
Errealitate hau ez da kasualitatea, baizik eta sistemak berak eragindako ondorio estrukturala. Euskal gizartea zahartzen den heinean, geroz eta jende gehiagok beharko ditu zaintzak. Emakume etorkinen bidez azpikontratatuz, gizarteak irtenbide bat eman dio aferari, betiere langile gehienen eskubide sozial, ekonomiko eta laboralak urratuz eta pertsona horiek erabateko ziurgabetasunean utziz.
Zapalkuntza horrek duela 20 urte pentsaezinak ziren egoerak eragin ditu Lantzen ustez, «duela hamarkada batzuk, barneko etxe langile bat zuena, burgesa zen. Gaur egun maila ekonomiko apala duten euskal familiek dute horrelako langile bat etxean». XXI. mendeko esklabotasuntzat har daiteke etxeko langileen egoera, denek ezagutzen duten fenomenoa da, baina inork gutxik daki zer egoerei egin behar dieten aurre ateak itxi egiten diren unetik. Ikerketa garatu dutenek egiaztatu dute langile gehienak bat datozela barneko etxeko langilearen egoera salatzen, eta desagertu beharko lukeela iritzi dute, haien duintasuna errespetatze aldera.
Izan barneko langile ala ez, haien zereginak aurreikusitakoak baino harago doaz: «Adineko norbait zaintzeko ordaintzen diote langileari, baina askoz ere gehiago egin ohi dute, etxea garbitu, janaria prestatu, tramiteak egin… eta noski, soldata ez dator bat lanarekin». Lan horren beste ondorio ikusezinetako bat eragiten duen neke psikologikoa da. Irainak eta eraso sexistak egunerokoak dira langile askoren egunerokoan. Ezin da ahaztu erabiltzaileen heriotzek langileengan eragiten dituzten oinazeak, askok harreman estua eratzen baitute luzaz zaindu duten pertsonarekin.
Zaintza arloko langileen baldintza kaskarrak, erabiltzaileen maila sozioekonomikoaren ondorio da hein handi batean. Lantzen ustez ezin da ahaztu Oarsoaldeko eta Bidasoko erabiltzaile gehienak, langile klasekoak direla, «eta haiek ere prekarietatea jasaten dutela. Askok ez dute langileei modu duin batean ordaintzeko gaitasun ekonomikorik».
Kooperatiba integralak
Hortaz, egoera guztiaren muina estrukturala da, eta hura aldatzeko sistema aldaketa bat eman beharko litzateke, hau da, borroka askoz ere zabalago baten parte da. Dena dela, urrats handiak eman daitezke ekonomia eraldatzailetik emakume hauek saretu daitezen eta kolektiboki haien egoera duindu dezaten. Horrez gain, gaur gaurkoz, erakunde publikoen parte hartzea funtsezkoa da; langileen eskubideak bermatzen direla gainbegiratuz, kontratazio erregularrek gora egingo lukete. Diru laguntzak eskainiz, erabiltzaileek jasaten duten karga ekonomikoa arintzen da.
Nahikoa izan ez arren, bi neurri hauek eragin positiboak dituzte eta frogatuta dago lan baldintzak hobetu ahala emakume langile hauen bizitza kalitateak hobera egiten duela. Lantzen aburuz, kooperatiba integralaren figura juridikoa ongi egokitzen da gaur egungo egoerara, «kooperatiba integralean administrazio publikoak parte hartzen du. Zaintzan jarduten duten emakume migranteen ahalduntze prozesuan lagungarria izan daiteke, baina administrazioaren ekarpenak beharrezkoak dira hala ere. Bide hori da aztertuko duguna hemendik aurrera».
Kooperatibismoa bazterkeriaren kontrako tresna gisa erabiliko dute
OlatuKoopen biltzen diren kooperatiba, elkarte eta eragile ezberdinek helburu argia dute, elkarlan eta ekonomia sozialaren bitartez, gizarte eraldatzaile baten alde egitea eta hori sustatzeko, KoopFabrika sortu zuten. Hainbat urte igaro dira eta KoopFabrikako kideak ohartu dira, haiek ekonomia eraldatzailearen alde egin arren, jendearen profila ez dela gehiegi aldatu. TalaiosKoopeko Beñat Irasuegi jakitun da soilik gizatalde zehatz batera iritsi direla, «28-45 adin tartekoak dira gehienak, Euskal Herrikoak, unibertsitate ikasketekin, nahikoa lan esperientziarekin eta proiektua aurrera eramateko aurrezkiekin. Normalean guregana jotzen duenak badaki zer nahi duen eta hori aurrera eramateko proiektu bat du».
KoopFabrikara jo duten ekintzaile gehienek, profil berdintsua dute
Azken urteotan ekonomia sozialean oinarrituriko proiektu ugari garatu dira Oarsoaldean zein Bidasoan, eta zera frogatu dute: lankidetza eta saretze lanaren bitartez bestelako eredu ekonomiko bat posible dela. Orain eredu produktiboaz harago joan daitezkeela frogatu nahi dute. Kooperatibismoak gizarte bidezkoago bat egiteko balio badu, bazterkeria soziala bizi duten gizataldeekin elkarlanean aritu beharko dira ezinbestean, «talde jakin batzuengana iristeko ahalegina egingo dugu, bereziki emakume, gazte eta migratzaileengana, haiek baitira prekarizazio gehien jasaten duten kolektiboak. Hirurak batera ematekotan, prekarietatearen koktel osoena», esan du Irasuegik.
Hurrengo hiletan magrebtar komunitatearekin lanean ariko dira
Ekonomia soziala kolektibo guztientzat baliagarria delakoan, Kooperatibak Denontzat lan ildoa hasi du OlatuKoopek. Finean, gizarte bazterkeria gehien pairatzen duten kolektiboei kooperatiba bat sortzeko baliabideak eta formakuntza dute helburu.
Errealitatearekin talka
Teoria eta errealitatea oso ezberdinak izan ohi dira. Kooperatibismoa sektore prekarizatuetara eramatea zentzuzkoa da, Irasuegik, ordea, argi du errealitatea mikatza dela, «aurrezkirik gabeko pertsonak dira, baliabide gutxirekin, are eta denbora gutxiagorekin eta normalean formakuntza maila apalagoa izan ohi dute, hau da, haien bizimodua eta egoera aldatzeko aukerak eta baldintzak izan ez dituzten pertsonak».
Urratsak motel baina sendo emango dituzte OlatuKoopekoek. Jakitun dira haien lan eredua ezin dela inposatu, eragin mugatua izango dutela, eta prozesuak luze jo dezakeela. Jarduera zehatzak egingo dituzte, beraz, kolektibo jakin batzuekin. Magrebtarrena, Oarsoaldean eta Bidasoan prekarizazio gehien jasaten duen kolektiboetako bat da. Islamofobia hazten ari den honetan, OlatuKoopek komunitateariko hurbilketa egingo du hurrengo hilabeteetan, eskualdea elkarrekin eraldatzen jarraitzeko.