Hondarribiko Musika Bandak jaso du urrezko intsignia
200. urteurrenean eman diote Hondarribiko Musika Bandari herriak ematen duen garaikurrik bereziena.
Gaur eman diete hasiera Hondarribiko jaiei eta urtero legez, jaien lehen egunean, udalak Hondarribiko urrezko intsignia eman du. Aurten Hondarribiko Musika Bandari eman diote domina, urteetan zehar egindakoagatik esker ona adierazteko asmoz.
Izan ere, bandak 200 urte betetzen ditu aurten eta azken bi mendeetan herriko eragile garrantzitsuenetakoa izan da. Bi mendez herria girotzeagatik jaso du saria.
12:30tan hasi da ekitaldia, udaletxeko batzar areto nagusian eta musikariez gain, Sagarzazu alkatea, udal ordezkariak bertan izan dira, baita herritar ugari ere. Lepo bete dute aretoa, eta musikari gehienek aretoko sarrera eta pasilloetatik jarraitu dute ekitaldia.
Bandako hainbat ordezkarik hartu dute hitza, adineko zein gazte, taldeko belaunaldi ezberdinak irudikatzeko asmoz. Denek egin dute bandaren ibilbidearen errepasoa, eta hunkituta, urrezko intsignia jasotzeagatik esker ona adierazi diote herriari.
Hondarribiko Musika Bandak ibilbide luzea egin du, hainbatetan desegin eta izena aldatu du, baina nola edo ahala, beti birsortu egin da, herriari musika ematen jarraitzeko. Aurten udalak eta herritarrek orokorrean, emandako guztia eskertu diote bandari.