Dantzarik onena iritsiko da asteburuan Itsas Etxera
Itziar Mendizabalek zuzenduko duen nazioarteko gala jasoko du larunbatean auditorioak.
Itziar Mendizabal, Londresko Royal Ballet erakundeko lehen bakarlariak etxean dantzatuko du larunbatean, nazioarteko beste dantzari batzuekin batera. Mendizabal bera da ekitaldiko zuzendari artistikoa eta lehen mailako gala prestatu du. Esaterako, hondarribiarrak Londresko Royal Balleteko Nehemiah Kish lankidearekin bi pieza dantzatuko ditu.
20:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak Arma Plazan eros daitezke 35 euroan, baita Interneten ere. Agortuko ez balira, larunbatean Itsas Etxeko leihatilan izango da erosteko aukera, 18:00etatik aurrera.
Hirugarren aldia izango da Mendizabalek Itsas Etxean dantzatuko duena, 2012 eta 2017 urteetan eskainitako saioen ondoren. Oraingoan ere, nazioarteko izarrez inguratuta hurbilduko da Mendizabal auditoriora. Mendizabalez eta Kishez gain, Bordeleko Opera Nazionaleko Balleteko Alvaro Rodriguez Piñera, Oleg Rogachaev eta Marina Kudryashova, Portugalgo Companhia Nacional de Bailadoko Carlos Pinillos eta Filipa de Castro, eta Finlandiako Ballet Nazionaleko Claire Teisseyre izango dira galako dantzariak. Orotara, hamar pieza dantzatuko dituzte (ikusi errepertorioa behean).
Ibilbide itzela
Itziar Mendizabalek Elvira Ubiernaren eta Victor Ullateren eskoletan ikasi zuen dantzari izateko. 1997an Ullateren konpainiarekin hasi zen eta urte gutxitan etorkizun handia zuela argi utzi zuen hondarribiarrak. 2003an Zuricheko balletean sartu zen demi bakarlari gisa, 2006an Leipzigeko Balletean bakarlari gisa, eta 2008an lehen dantzari mailara igo zuten. 2010 urtetik da Royal Balleteko lehen bakarlaria.
Errepertorioa
Pie Jesus Requiem
- Koreografia: Sir Kenneth MacMillan.
- Musika: Gabriel Faure.
- Dantzaria: Itziar Mendizabal.
Loti Ederra (III ekitaldiko biko pausoa)
- Koreografia: Marius Petipa.
- Musika: Piotr Ilitx Txaikovski.
- Dantzariak: Marina Kudryashova eta Oleg Rogachev.
12
- Koreografia: Carlos Labios.
- Musika: Astor Piazzola (pianorako bertsioa Marcelo Nisinmanena, Filipe Pinto Ribeirok interpretatua).
- Dantzariak: Carlos Pinillos eta Filipa de Castro.
Kortsarioa (Adagio II)
- Koreografia: Marius Petipa.
- Musika: Adolphe Adam.
- Dantzariak: Claire Teisseyre eta Alvaro Rodriguez Piñera.
Afther the Rain
- Koreografia: Christopher Wheeldon.
- Musika: Arvo Part.
- Dantzariak: Itziar Mendizabal eta Nehemiah Kish.
(etenaldia)
Romeo eta Julieta (Logelako ekitaldiko biko pausua)
- Koreografia: Charles Jude.
- Musika: Sergei Prokofiev.
- Dantzariak: Claire Teisseyre eta Oleg Rogachev.
Nire ozeanoaren sakonean…
- Koreografia: Ludmila Komkova.
- Musika: Ezio Bosso eta Thomas Newman.
- Dantzariak: Marina Kudryashova eta Alvaro Rodriguez Piñeira.
Easy… pas de deux
- Koreografia: Carlos Pinillos.
- Musika: Txaikovski.
- Dantzaria: Carlos Pinillos eta Filipa de Castro.
Asturias
- Koreografia: Alvaro Rodriguez Piñera.
- Musika: Isaac Albeniz.
- Dantzaria: Alvaro Rodriguez Piñera.
The Merry Widow
- Koreografia: Ronald Hynd.
- Musika: Franz Lehar (John Lanchberyk eta Alan Abottek egokitua).
- Dantzariak: Itziar Mendizabal eta Nehemiah Kish.
Dantzariak
- Itziar Mendizabal. Londreseko Royal Balleteko Lehenengo Bakarlaria.
- Nehemiah Kish. Londreseko Royal Balleteko Dantzari Nagusia
- Filipa De castro. Portugalgo Ballet Nazionaleko Dantzari Nagusia.
- Carlos Pinillos. Portugalgo Ballet Nazionaleko Dantzari Nagusia.
- Oleg Rogachev. Bordeleko Operako Balleteko Lehenengo Dantzaria.
- Alvaro Rodriguez Piñera. Bordeleko Operako Balleteko Dantzari Bakarlaria.
- Claire Teisseyre. Finlandiako Ballet Nazionaleko Dantzari Bakarlaria.
- Marina Kudryashova. Bordeleko Operako Balleteko Dantzaria.