Dagoeneko eskuratu daiteke arraun elkartearen liburua
Bazkideek eta bazkide egiten direnek doan jasoko dute. Gainontzekoek 35 eurotan eros dezakete.
Hondarribia Arraunean 1845etik, Hondarribia Arraun Elkartearen 50 urteurrena dela-eta Luis Maria Agirrek, Koldo Ortegak eta Inaxio Noguerasek idatzitako liburua dagoeneko atera da inprimategitik.
Elkarteko bazkideek doan jaso dezakete dagoeneko, Arrantzaleen Kofradiaren Done Pedro dendan (Bernat Etxepare, 6). Hain zuzen ere, Kofradiaren diru-laguntzari esker jasoko dute debalde bazkideek. Liburuarekin batera, joan den ostegunean eta atzo Itsas Etxean proiektatutako dokumentala jasoko dute, baita arraunari buruzko abestiak eta Mikel Garikotzek urteurrenerako propio sorturiko bi doinu berri biltzen dituen CD-a, musika bandak eta parrokiko abesbatzak grabatu dutena.
Arraun elkarteak zehaztu duenez, “adin nagusi diren bazkideei bakarrik emango zaie liburua”. Nortasun agiria erakutsi beharko dute bazkide zerrendan daudela bermatzeko.
Bazkide ez direnek arraun elkarteak Zuloaga kalean duen saltokian edo Arzu liburu-dendan (Mattin Artzu, 14) eros dezakete, 35 euro ordainduta. Bazkide ez diren arren egunotan bazkide egitea erabakitzen dutenek ere doan jasoko dute, 50 euroko urteko gutxieneko kuota “esku dirutan” ordainduz gero. Zuloagako dendan edo Arzun egin dezakete.
Bi leku horiez gain, abuztuaren 6tik 26ra Arma Plazan kultur eta informazio gunean irekiko den urteurreneko erakusketan ere izango da Agirre, Ortega eta Noguerasen Hondarribia Arraunean 1845etik liburua erosteko aukera.