Skolae programak jasoko du aurten Berdintasun Hiria saria
Hala erabaki du Jaizkibel konpainiak deituriko sariko epaimahaiak.
Nafarroako eskola publikoetan bidea egiten ari den Skolae hezkuntza programak jasoko du aurten Jaizkibel konpainia parekidearen Hondarribia Berdintasun Hiria saria.
Ikasle guztiei berdintasunean bizitzen ikasteko aukera ematea da Skolaeren helburu nagusietako bat. Abiatu zutenetik bide malkartsua izan du. Alde batetik, asko dira hezkuntza programa zoriondu duten adituak, eta Unescoren Neskato eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Saria irabazteko hautagaietako bat da. Baina bestetik, koedukazioaren kontrakoen erasoak iritsi zaizkio. Hala, programa landu zuten adituetako batzuek epaitegietara deklaratzera deitu zituzten ekainean, familia batzuek eta Plataforma Nazional 18M jarritako salaketak medio.
Irailean, Jaizkibel konpainiako zapia jasoko du opari bezala Skolae programak. Hala erabaki du Hondarribia Berdintasun Hiria sariko epaimahaiak. Garbiñe Biurrunek, Xabier Lapitzek, Maddalen Iriartek, Iñigo Lamarkak, eta Nieves Alzak epaile bezala errepikatu dute, eta iazko saridun Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedo Batukada Feministaren sortzaileen laguntza izan dute.