Gaur hasiko da Hondarribiko Grand Slam txapelketa
Goikoetxea-Aldazabal iazko bikote txapeldunak debuta egingo du.
Hondarribiko Grand Slam txapelketa, Jostaldiko udarako zesta denboraldiko lehia nagusia hasiko da gaur. Abuztuaren 23ra bitarte munduko puntista onenak lehiatuko dira Biteri kaleko pilotalekuan. Jai Alai World Tour barruan puntu gehien banatzen dituen txapelketa da Grand Slam-a.
Ligaxkako lehen partida jokatuko dute gaur, A multzoko hiru bikoteetako biren artekoa. Iazko txapeldunek, Goikoetxea-Aldazabal bikoteak, Beaskoetxea eta Minvielle izango dituzte aurkari.
Aurretik aurten nobedade den 23 urtetik beherakoen txapelketako partida izango da, 19:30etik aurrera. Euskal Herriko gazte onenak lehiatzen dira bertan, Grand Slameko formatu bera jarraituz.
Bi partiden artean marmitakoa zerbitzatuko diete ikusleei, Hiruzta txakolinarekin edota Mitarte ardoarekin lagunduta. Sarrerak turismo bulegoan eta Jostaldiko leihatilan eros daitezke 12 euroan, eta gastronomia dastaketa prezioaren barruan sartzen da.
Hondarribiko Grand Slam 2019
Bikoteak
- A multzoa: Goikoetxea-Aldazabal (iazko txapeldunak); Beaskoetxea-Minvielle; Erik-Ekhi.
- B multzoa: Egiguren-Lopez; Zulaika-Basque; Olha-Etxeto.