Musika banda orfeoiaren aurrean jarriko da larunbatean
Hondarribiko Hiria Musika Banda 200 urte ospatzen ari da. Santiago plazako oholtza metro batzuetan luzatu beharko dute urteurreneko kontzertu nagusirako.
Hondarribiko Hiria Musika Bandaren 200. urteurreneko egitarauko ekitaldi nagusia iritsiko da larunbat iluntzean. Donostiako orfeoiarekin batera joko du bandak Santiago kalean, 20:30etik aurrera. Hainbesteko jendetza batuko da oholtza gainean, ezen uztailean Barriotxino-n jartzen den azpiegitura metro batzuetan luzatu beharko baitute. Ia 120 abeslarik kantatuko dute orfeoiarekin, horien artean zazpi hondarribiar.
Gaur aurkeztu dute kontzertua, egingo den leku berean. Bertan izan dira Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazu, Kalixa Silanes Kultura zinegotzia, Jose Antonio Sainz Alfaro Donostiako Orfeoiko zuzendari artistikoa, eta Alazne Alberdi, Hondarribiko Hiria Musika Bandako zuzendaria. Orfeoian abesten duten hondarribiarretako batzuk ere hurbildu dira prentsaurrekora.
Laurehun eserleku jarriko ditu udalak plazan, baina ziur gehiago izango direla emanaldia zutik jarraituko dutenak. Alkatearen iritziz, “Hondarribiarentzat oso aukera bikaina da lehen mailako kontzertu batez gozatu ahal izateko, kalean bertan, eta bandaren 200 urteak behar moduan ospatzeko”.
Orfeoiaren zati handi bat eskualdekoa dela nabarmendu du Sainz Alfarok, %10 inguru Bidasoa bailarakoa, eta horregatik erronka polita izango dela. Banda zoriondu zuen bi mende bete izanagatik eta horrek duen meritua nabarmendu zuen: “Musika bandek egiten duten lana oso garrantzitsua da”. Herritarrei gonbita luzatu zien Madalen auzora hurbildu daitezen: “Ziur nago denon artean lan ederra egingo dugula”.
Bandaren urteurreneko ekitaldi nagusia izango da larunbatekoa, eta bandako zuzendariak eskerrak eman dizkio udalari, orfeoia eta banda elkartzea posible egin duelako: “Sekulako ohorea da orfeoiak gurekin abestea”. Alberdik onartu du musikariak urduri bezain hunkituta daudela: “Bietatik, urduri eta emozio handiarekin. Asko disfrutatuko dugu seguru, eta espero dut jendeak eta orfeoiak ere disfrutatzea gurekin”.
Programa aukeratzerako orduan herritarrak eta kanpotik etorritakoak kontuan izan dituztela argitu du erakundeko arduradunak: “Zarzuela egongo da, hemengoei nahiz bisitariei asko gustatzen zaielako, eta orfeoiak ezin hobe interpretatzen dituen hemengo abesti batzuk, Baga-biga, higa, Txoriak-txori, eta abar». Eta bukatzeko, bertokoei keinu bat, herria protagonista den hiru partitura: “Agur Hondarribi, Nere herri eder eta Semper anaiek ezagun egin zuten Fuenterrabia boleroa”.
Bueltan dira dantzaldiak
Urte oso berezia ari da izaten Hondarribiko Hiria Musika Bandarentzat. Martxoaren 26an 200 urte bete zituen eta otsailetik hona emanaldi berezi asko ari da eskaintzen. “Musikariak oso kontent daude nirekin –esan du ironiaz zuzendariak–. Urte berezia denez, egin ohi duguna baino pixka bat gehiago ari gara lanean”.
Otsailean musika eskolako dantza klasikoko ikasleekin, martxoa hasieran Elvisen bertsioak egiten dituen John Mencis Bandarekin, hil horren bukaeran urteurreneko kontzertu “pixka bat desberdina”, ekainean Iruñean La Pamplonesaren 100 urteak ospatzeko… Eta orain, orfeoiarena. Eta hor ez da dena bukatzen. “Pentsatzen dut hurrengo urteetan ere egingo ditugula gauza bereziak, aurten ez dagoelako egin nahi dugun guztiarentzako tokirik”, gaineratu du zuen zuzendariak.
Aurten bai falta gabe egingo dutena izango da Zumardiko dantzaldiak berreskuratzea. Hilaren 27an Zumardiko kioskora igoko da musika banda, garai batean egiten zuen bezala. “Hori zen hasiera batean bandaren lana, eta hori egingo dugu”. Eta herritarrei desafioa bota die Alberdik: “Ikusi beharko dugu jendeari dantzatzen ahaztu ote zaion”.