Sagardoz beteko da Gipuzkoa plaza hilaren 27an
Hondarribiko Sagardo Eguna egingo dute uztaileko azken larunbatean.
Hondarribiko Sagardo Eguna egingo dute hilaren 27an Gipuzkoa plazan. Urte bateko hutsunearen ondoren, berriro egingo dute euskal presoen aldeko Hondarribiko jai handia. Aurten, “motxiladun haurrei” eskainiko diete festa: “Gure herrian dugun preso politiko bakarra, Urko Labeaga Garcia, haur motxiladun baten aita da. Errealitate hau azaleratu nahi dugu egun honetan. Haur hauek ama edo aitarekin egoteko dituzten zailtasunak ezagutarazi, kartzela sistemak jartzen dizkien trabak”.
Euskal presoen aldeko herriko sostengu taldeak jakinarazi duenez, Labeagaren 10 urteko alabari “bizikidetasun vis-a” kendu diote, “hau da, aitarekin fisikoki egoteko aukerak murriztu dizkiote berari zein Urkoren neska lagunari”.
Hondarribiko presoa izango dute gogoan Sagardo Egunean, baina ez bera bakarrik: “Euskal Herri osoan dauden preso politikoez oroitu nahi dugu, baita dituzten haurrez ere”.
Laguntza behar dute
Antolatzaile taldeak laguntza eskatu du Sagardo Eguna behar bezala antolatzeko. “Lanak ez dira zailak”, esan dute. Muntatzen eta jasotzen, sagardoa eta pintxoak zerbitzatzen beharko dute laguntza. “Zenbat eta gehiago izan, orduan eta txanda gehiago egin ahal izango ditugu”, gaineratu dute. Lagundu nahi duenak posta elektronikoz adierazi behar du.