'3 leku, 3 paisai, 3 akzio' proiektuaren erakusketa, Medievon
Judas Arrietaren gidaritzapean herriko haurrek sorturiko hiru koadro biltzen ditu, baita dokumental bat eta Arrietaren beste koadro batzuk ere.
Gipuzkoa plazako Medievo tabernak Judas Arrieta artista hondarribiarrak iaz buruturiko 3 leku, 3 paisai, 3 akzio proiektuaren erakusketa jasoko du hilaren 18tik abuztuaren 30era arte. Ostegunean, hilak 18, inauguratuko dute, arratsaldeko zazpietan.
Erakusketak, Arrietaren gidaritzapean herriko haurrek sorturiko hiru koadro biltzen ditu, hurrenez hurren, Apezpiku plazan, Santiago kalean eta kirol kaian margotutakoak. Koadroekin batera, Bideosarek eginiko dokumental txiki bat proiektatuko da, arteari buruz hausnarketa egitea helburu duena (ikusi behean teaser-a).
Bilduma osatzeko, Arrietaren beraren beste lan batzuk jasoko ditu erakusketak. “Denak paisaiaren inguruan –azaldu du artistak–, gure herriaren irudia nola erabiltzen eta adierazten dugun azaltzea da asmoa”.