Hilabete oso bat, eta gehiago, 50 urte ospatzeko
Hondarribia Arraun Elkarteak mende erdia beteko du Santiago Egunean. Aztarna utzi nahi duten ekitaldiak aurkeztu dituzte gaur.
Santiago Egunean 50 urte beteko ditu Hondarribia Arraun Elkarteak. 1969ko uztailaren 25ean elkartu zen arraun elkartea osatzeko bazkideen lehen batzar nagusia, Elizalde zine aretoan. Mende erdia pasatu da harez geroztik.
Gaur aurkeztu dituzte Hondarribia Arraunen Urrezko Ezteiak ospatzeko antolatu duten ekitaldi sorta. Bertan izan dira Joxemi Elduaien elkarteko presidentea, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Andres Olaskoaga Done Pedro Arrantzaleen Kofradiaren idazkaria. Elduaienek adierazi duenez, etorkizunari begira jarri dira urteurrenerako zer prestatu erabakitzerakoan: “Argi genuen ez genuela gauza pila antolatu nahi, nahi genuena zen batez ere antolatzen genituen horiek irautea, etorkizunari begira aztarna uztea”.
Eta horretarako modu ezin hobea liburu bat idaztea izango zela erabaki zuten, eta horretan jardun dute azken hilabeteetan Koldo Ortegak, Luis Maria Agirrek eta Inaxio Noguerasek. Hondarribia Arraunean 1845etik leloarekin hurrengo astetik aurrera eskuratzeko modua izango da. “Zergatik 1845etik? Hori delako Hondarribiak traineru estropada batean parte hartu zuela jasota dagoen aurkitu dugun agiri zaharrena”, argitu du presidenteak. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1845eko abuztuaren 12an antolatutako estropada izan zen, Donostian udara pasatzen zuen Espainiako Isabel II.a erreginaren omenez egin zutena.
Liburuarekin batera arraun elkartearen historia bilduko duen dokumental bat banatuko dute, pendrive batean. Marcos Sodupek eta Joseba Arozenak sortu dute, eta ostegun honetan (hilak 18) eta hurrengo asteartean (hilak 23) Itsas Etxeko pantaila handian ikusteko aukera izango da. Sartzea libre izango da, baina ezinbestean gonbidapena jaso beharko da aurretik, Arma Plazan edo Zuloaga kalean arraun elkarteak duen dendan. Hilaren 18ko emanaldirako bihar (asteartea) jarriko dituzte salgai, 25ekoak, ostiraletik aurrera. Pertsona bakoitzak gehienez bi txartel eskuratu ditzake.
Proiektuaren hirugarren hanka musika CDa izango da, hau ere liburuaekin batera banatuko dena. Hondarribia Hiria Musika Bandak, Parrokiako Abesbatzak eta Mikel Garikoitzek grabaturikoa da, arraun munduari lotutako eta orain artean grabatu gabeko abestiekin. Doinuetako bi, gainera, Mikel Garikoitzek urteurrenerako propio sortu ditu, Urekian eta Bihotz-bihotzekoa.
Hurrengo astean iritsiko dira liburuak. Kofradiaren laguntzari esker arraun elkarteko bazkide guztiek, eta aurten egiten diren berriek, doan jasoko dituzte hiru produktuak. Olaskoagak esan duenez “Kofradia eta arraun elkartea beti eskutik joan dira, gure kirola da arrauna, asko maite dugun kirol bat”. Horregatik ez dute zalantazrik eduki eta arraun elkartearen 50. urteurrena babesteko. Arraun elkarteko bazkide ez direnek, 35 euro ordainduta izango dute liburua erosteko aukera Zuloaga kaleko dendan, baita abuztuaren 6tik 26ra Itsas Etxean jarriko duten erakusketan.
Hondarribia Arraun Elkarteak 50 urte.
Ekitaldi nagusiak
- Uztailaren 18an eta 25ean, 20:00etan. Hondarribia Arraunean 1845etik dokumentala, Itsas Etxea Auditoriumean.
- Uztailaren 31n, 12:00etan. Euskadiko Traineru Txapelketa.
- Abuztuaren 6tik 26ra. Hondarribia Arraunean 1845etik erakusketa, Itsas Etxean.
- Urriaren 26an, Arraunlarien Eguna. Traineruan aritzeko aukera, herri-bazkaria…
- Udazkenean, zehaztu gabe. Iñaki Pinedoren Ziaboga dokumentala eta mahaingurua.