EGO-ren bisita "klasikoa", ostiralean
Euskadiko Gazte Orkestrak Hondarribian abiatuko du udarako bira laburra. Txaikovskiren '5. Sinfonia' eta Saint-Saensen 'Dantza makabroa' interpretatuko ditu.
Dagoeneko klasiko bilakatu da Euskadiko Gazte Orkestrak uztailero Hondarribira egiten duen bisita, eta aurten ez da salbuespen izango. Udarako bira laburraren barruan Itsas Etxea Auditoriumean joko du EGO-k ostiralean (hilak 19), 20:00etan. Hain zuzen ere, birako lau kontzertuetatik lehenengoa izango da Hondarribikoa. Jarraian, Bilboko Campos Eliseos antzokian, Gasteizko Principal antzokian eta Donostiako Viktoria Eugenian joko du EGO-k.
Itsas Etxeko emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude Arma Plaza kultur eta informazio gunean eta Interneten. Agortuko ez balira, ostiralean Itsas Etxeko leihatilan izango da erosteko aukera. Sarrerek 12 euroko prezioa dute; 18 urtetik beherakoek 5 euro ordaindu behar dituzte.
Calile Saint-Saensen Dantza makabroa eta Piotr Ilitx Txaikovskiren 5. Sinfonia, bi obra horiek osatzen dute errepertorioa. Juan Jose Ocon orkestrako zuzendariaren hitzetan, Txaikovskiren 5. Sinfonia inoiz konposatu diren obra sinfonikorik “eder, zirraragarri, hunkigarri eta bihotz-erdigarrienetako” bat da: “Orkestra guztietako musikariek jo beharreko obra bat da; beraz, gazteek esperientzia hori behar dute nahi eta nahi ez», adierazi zuen.
Dantza makabroa ere interpretatuko du EGO-k Itsas Etxean. Saint-Saens frantziarrak 1874an idatzitako poema sinfonikoa da, heriotzaren dantzari buruzko sineskeria birsortzen duen Henri Cazalisen poema batean oinarritzen da. Bi obrak aintzat hartuta, «EGO-k inoiz izan duen musika programarik osoenetako bat dugu aurtengoa», gaineratu du Oconek.
Mila musikari 21 urteetan
1997 urtean sortu zenetik musika sinfonikoko eta ganbera-musikako 150 kontzertutik gora eskaini ditu Gazte Orkestrak, nazioarteko biretan dozena-erdi herrialde bisitatu dituelarik. Orotara, 120.000 ikus-entzule baino gehiago izan ditu eta 1.000 gazte inguru izan dira orkestrako partaide.
Sortu zenetik filosofia berari jarraitu dio erakundeak: Euskal Herriko musikari gazteek errepertorio profesionala izatea, programazio konplexu baten bitartez.