Izan dadila 'Mariñel' omenaldi onena
Sustraia boluntario taldeak deituta, Enrique Lekuona omendu dute haren heriotza gertatu eta bi urtera.
Gaur bete dira bi urte Enrique Lekuona hil zenetik. Sustraiako boluntario kide gisa zaharberritzen ari ziren Mariñel barkutik erorita jasandako zauriengatik hil zen itsas ingeniari hondarribiarra.
Sustraiako lagunek deituta, omenaldi xumea egin diote Mariñel-en ondoan. Jende askok erantzun dio deialdiari eta abestuz omendu dute Lekuona, oso kantu zalea baitzen.
Itsaso Lekuona Enriqueren alabak hitz batzuk esan ditu familiaren izenean. Bi urte luze eta gogorrak izan direla aitortu du, familiari ez zaiola bidea batere erraztu, baina era berean babes handia izan dutela, eta babes hori eskertu du. Aurrera begira jarrita esan du, Sustraiakoak berriro Mariñel-en lanean ikustea litzatekeela omenaldirik onena aitarentzat.