Fermin Olaskoaga Hondarribiko abizen esanguratsuen geneologia osatzen ari da. Dagoeneko hemezortzi itxi ditu eta udal webgunean kontsultatu daitezke.
Fermin Olaskoaga ikerlariak lau hamarkada eman ditu Hondarribiko leinu nagusien genealogia berreraikitzen. Udal webgunean hemezortzi abizenen ikerketa kontsulta daiteke dagoeneko.
Nori ez zaio gertatu aurpegi ezagun bat ikusi eta ezin kokatzea, zein etxekoa edo familiakoa den ezin asmatzea? Herri guztietan izaten da horrelako zalantzak argitzen erraztasuna duen pertsonaren bat edo beste. ‘Hari galdetu eta argituko dizu zeinena den’. Hondarribian, Fermin Olaskoaga da horietako bat. Herriko seme eta alaba ia guztiak kontrolatuta ditu, XVI. mendetik hasi eta gaurdaino.
Lau hamarkada eman ditu Olaskoagak Hondarribiko leinu nagusien ikerketa egiten. Bere abizena hartu zuen abiapuntu, bestelako asmorik gabe: “Nire genealogiarekin hasi nintzen, pentsatuaz abizen oso mugatua izango zela, jende gutxi izango zela, eta gero aurkitu nintzen jende pila batekin, eta alde guztietan gainera. Elizako partida guztiak jasotzen hasi nintzen”. Genealogia formaziorik ez zuenez, kode bat asmatu zuen pertsonak izendatzeko: “Pertsona bakoitzari kode bat jarri nion, herriaren hasiera letretan, eta gero jaiotze partidaren zenbakia, horrela badakizu ez direla pertsonak errepikatzen”.
Ekinez formatu zela kontatu du: “Ez nuen esperientziarik, eta pixkanaka asmatu nuen lanak nola bideratu”. Jaiotze partidekin hasi zen, eta ezkontzen bidez kode desberdinak harremantzen hasi zen, baina laster ohartu zen askotan horrekin ez zela nahikoa, hutsuneak zeuden, adibidez, ezkontza agiriak jaiotzeko kode horiekin harremantzeko: “Nahiko problematikoa da 1740 arteko partidetan, ezkontzak abizen bakarrarekin daudelako, eta beste agirien bidez lortu behar duzu pertsona hori nor den, epaiketa bidez, edo kaperatasun-auzien bidez…”.
Kaperatasun-auziak edo probak oso baliagarriak egin zaizkio leinuen edo abizenen jatorrira joateko. “Agiri inportanteena kaperatasun-probak dira. Zinegotzi edo karguren bat lortzeko ezinbestekoak ziren, 1840 urte ingurura arte egiten ziren, hasieratik, XVI. mendetik. Batzar Orokorrek onartu behar zituzten. Santiago edo Calatrava bezalako ordenetan sartzeko ere eskatzen zituzten. Proba horiek ordaindu behar ziren eta ikertzaile bat joaten zen etxeko agiriak eta armarriak ikertzera”.
Artxiboz artxibo ibili da dokumentazioa pilatzen. Bi zatitan bana daiteke bere ikerketa, Internet aurreko eta Internet ondorengo lana. Sareak lana asko erraztu diola onartu du, eta beste hiru ikerlarirekin Hondarribiko baserriak libururako eginiko ikerketa jarri du adibide bezala: “Mila aldiz joan ginen Oñatiko lurraldeko artxibategira. Gaur egun ez duzu horrelako beharrik. Eskaera bat egiten duzu halako agiriak behar dituzula esanez, eta aste berean eskaneatuta bidaltzen dizute. Gauza bera Simancas, edo Sevillako Archivo General de Indiasekin. Ameriketara joateko baimenak daude han, eta hondarribiar asko joan ziren”.
Udal webgunean ikusgai
Hondarribiko hemezortzi abizen esanguratsuen ikerketa bukatu du Olaskoagak, eta horiek
udal webgunean kontsulta daitezke orain urtebetetik hona. Ez zen hori bere asmoa, “ez dudalako inolako protagonismorik nahi”, baina Begoña Andres Arratibel artxibozainak hasieratik bultzatu zuen: “Berak animatu ninduen, ‘zergatik ez dugu hau bideratzen artxibategiko lan bat balitz bezala?’, galdetu zidan”. Eta Andresen enkargua onartuta osatuz joan zen jokoa: “Puzzle bat bezala izan da. Datuak biltzen dituzu eta gero kokatzen joaten zara, puzzle bat bezala. Puzzlea osatzen dudanean, leinu baten ikuspegi orokorra ikusten dudanean, sarrera egiten dut”.
Leinu bakoitzaren azalpena da, hain zuzen ere, ikerketa lanaren funtsa Olaskoagarentzat: “Sarrera horretan azaltzen dut noiztik dagoen abizen hori hemen, noiz agertzen den lehen aldiz, nondik datorren, grafia nola aldatzen den, kaperatasun-pleito horiek non egin ziren eta zein datu azaltzen diren, eta lortzen ditudan beste agiriak, sarrera horretan sartzen ditut”. Eta jarraian, abizenaren genealogia, “zein belaunaldi doan bestearen ondoren, loturak, pertsonen jaiotegunak, zeinekin ezkontzen diren, noiz hiltzen diren, horrelako datuak”. Leinu bakoitzaren genealogia bi modutara dago irudikatuta: batetik, belaunaldietan oinarrituta, eta bestetik, familiak kontuan izanda, modu eskematikoan.
Arsu edo Artzutarren armarria, Ubilla kaleko etxean
Hemezortzi puzzle, eta beste hainbat bidean. Duela 40 urte asmatutako kode sistemarekin 500 urtean luzatzen den buru-hausgarri erraldoia osatzen ari da Olaskoaga. Zenbat piezakoa den galdetuta arnasa bota du ikerlariak: “Zenbat kode sortu ditudan? Ez dakit, 200.000 inguru, edo agian gehiago”. Irungoak eta ingurukoak ere sartzen dituela argitu du, Hondarribiko leinuen ibilbidea azaltzeko baliagarriak diren heinean: “Egiten dudana da Hondarribiko abizen bat hartu, berez nahiko zabala dena, eta ahal dudan gehiena bilatzen dut, nahiz eta abizen hori kanpora zabaltzen den, adibidez Ameriketara, Argentinara eta abar. Horiek ere sartzen ditut, datuak aurkitzen baditut”.
Askotariko jatorrikoak
Hondarribiko leinu adierazgarrienak biltzen ari da Olaskoaga. Batzuk bertakoak dira; beste batzuk kanpokoak, baina Hondarribian oinetxeak dituztenak, edo Hondarribian grafian aldaketa eduki eta bertan garatu direnak; Hondarribian kaperatasuna edo noblezia frogatu dutenen pertsonenak ere badaude; edo, besterik gabe, Hondarribian oso errotuta daudenak. Zerrendan denetarik dagoela azaldu du ikerlariak: “Higos, Iridoy, Tife kanpotik etorriak dira, baina abizena aldatu egin zuten eta praktikamente hemen sortuak dira. Higos Kataluniatik etorria da, Figols zen jatorriz, eta hemen aldatu zen, eta Higos guztiek hemen dute jatorria. Tife, Herbereetako Tis abizena da, hemen aldatu zitzaion grafia, Tife guztien jatorria Hondarribia da”.
Udal webgunean ageri diren hemezortzi leinuetatik hamazazpi oso hedatuak daude, ezagunak dira oso. Bat ez, ordea, bertakoa izan arren: Fuenterrabia. “Nik duela gutxi deskubritu nuen abizen hori, ez nekien existitzen zenik. Urruñako ezkontza agiri batean aurkitu nuen. Hemen jaioa zen, eta guraso ezezagunak zituela jartzen zuen. Izen berezia zuen, Mariano Loreto Lucio. Hondarribiko artxibategian umezurtzak bilatu nituen eta han ageri zen, 1810ean jaiotakoa”. Nonbait, XIX. mendearen hasieran kalean utzitako haurrei edo ongintza erakunde batean utzitako haurrei jarritako abizena da Fuenterrabia. “Gero galdu egiten dute —jarraitu du Olaskoagak—, familia batek hartzen dituelako eta bere abizena jartzen diolako”. Hala, ez du Fuenterrabia bigarren abizen bezala duen pertsonarik aurkitu.
Hondarribiko udal artxibategian gordetzen diren jaiotze partida zaharrenak 1557. urtekoak dira. Baina ez dira bertan jasoak Fermin Olaskoaga osatzen ari den hiriko leinuen zerrendan azaltzen diren datu zaharrenak, Gipuzkoako eliz-artxibategian baizik. Dagoeneko hemezortzi abizen osatu ditu, eta beste hainbat ixtear da ikerlaria. Bukatu dituenak, gainera, ez ditu guztiz bukatu. “Atzo bertan erregistro zibilera joan nintzen azken jaioberrien datuak jasotzera. Hilero joaten naiz, kodifikatu eta sartzen ditut”. Hautatutako abizenetan aldaketarik balego (jaiotza, heriotza edo ezkontza), eguneratzeko aukera du egileak, abantaila hori du. “Gertatu zait baten batek deitzea eta esatea ‘aizu, nire hiru alabetatik bakarra jarri duzu’, hemen ez direlako jaio. Hori aldatu eta igo. Horregatik, leinu bakoitzari jartzen diot noiz bukatua dagoen, eta eguneratzen dudanean, eguneraketaren data azaltzen da”.
Ikerlaria, Zuloagatarren jauregiaren parean
Hondarribiko leinuak
- Kontsulta daitezkeenak
Alkain, Amunarriz, Berrotaran, Casadevante, Elduaien, Emazabel, Fuenterrabia, Higos, Iridoy, Kanpandegi, Olaizola, Olaskoaga, Oronoz, Sagarzazu, Sorondo, Susperregi eta Virto.
- Bidean direnak
Enparan, Errazkin, Gonzalez, Lazkanotegi, Lapitz, Lekuona, Ramery eta Zuloaga.
Leinuei buruzko informazioa biltzerakoan Fermin Olaskoagak hiriko historia osatzeko urrats handia eman duela uste dute Txomin Sagarzazu alkateak eta Kote Guevara liburuzainak.
Ikerketa lan itzela, beste ikerlarien mesederako
Hondarribiko leinu garrantzitsuenak ikertzen dihardu Fermin Olaskoagak. Orain 40 urte hasi zen, bere etxekoen atzera begirakoa egiten. Hura egiten ari zela erabaki zuen helburua zabaltzea eta hiriko beste leinu esanguratsu batzuen berri jasotzea. Jakin-mina asetzeko helburuz bildu du ikerlariak informazio hori. Ehunka bisita artxibategietara, milaka libururen kontsulta, zenbatezinezko orduak ordenagailuaren aurrean.
Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuren ustez, zaila da Olaskoaga egiten ari dena behar bezala baloratzea: “Lan oso garrantzitsua da, uste litekeena baino gehiago”. Hemezortzi abizenen ikerketa burutu du dagoeneko, beste zortzirenak erdi itxita ditu, eta gehiago ditu bidean. Bukatu dituen hemezortzi abizenen ikerketa debalde kontsulta daiteke Hondarribiko udal webgunean, eta horrek mesede handia egiten die, herritarrei nahiz gainontzeko ikerlariei. “Informazio hau guztia, gainera, erabilgarri dago sarean beste edozein ikerlarik erabili ahal izateko, eta hori garrantzitsua dela uste dut”, esan du Sagarzazuk.
Hiriko leinu zabalduenen puzzlea osatzen ari da Fermin Olaskoaga
Leinuen ikerketa ez da liburu edo liburu sorta bilakatuko. Hala ere, Hondarribiko Udalak argitaratutako lan batekin eta bidean den beste batekin lotu du alkateak: “Genealogiaren lan eder hau nik lotu egingo nuke duela urte batzuk Olaskoagak berak Luis Mari Elosegi, Koldo Ortega eta Kote Guevarak idatzitako Hondarribiko baserriak izeneko ikerketa lan apartarekin, eta orain prestatzen ari diren herriko kaleen liburuarekin. Hiru ikerlan hauek gure herriko historiaren ezagutza sakon bat izateko ezinbesteko tresna direla esango nuke”.
Hondarribiko baserriak liburuaren egileetako bat Kote Guevara udal liburutegiko liburuzaina da. Baserrien ikerketan parte hartu zuelako badaki zer lan dagoen Olaskoagak egin duenaren atzean: “Egiten ari den lana itzela da”. Batetik, kantitateari erreparatu dio Guevarak: “Ikerketa lana oso neketsua eta astuna da. Leinu baten ildoa osatzeko ordu asko sartu behar dira, bai artxiboetan baita ordenagailu aurrean ere”.
Bestetik, kalitateari, leinuen bidez Hondarribiko historia osatzeko informazio oso baliagarria lortu duelako ikerlariak: “Leinuak oso tresna garrantzitsua dira historiagileentzat, ez bakarrik familia baten jatorria eta arbasoak ezagutarazten dizkigutelako, baita historian zehar erabili diren leinu horren estrategiak agerian uzten dituelako ere. Norekin ezkontzen diren, zenbat lagunek elizako edo armadako bidea hartu duten, edo zenbat joan diren Ameriketara… Historiagileentzat bezala, soziologo eta antropologoentzat ere oso baliagarriak dira”.
Liburuzainarekin bat dator Sagarzazu: “Genealogia ikerketa oso sakonak dira. Hondarribiko familia askoren erroak ezagutzen laguntzen digute, eta beraz, gure hiriaren historiaren informazio asko eskaintzen digun zerbait da”.
Horregatik, eta irabazi asmorik gabeko lana dela kontuan izanik, esker ona azaldu dio Hondarribiko alkateak Fermin Olaskoagari: “Alkate bezala, eskertu besterik ez dut, oso balio handiko lana egiteagatik gure Hondarribiaren intereserako”.
‘Agur, Jesusen ama’ Hondarribian sortua dela aurkitu zuen
Artxibategian arakatzen ari dela, tarteka harribitxiren batekin topo egiten du Fermin Olaskoagak. Joan den urteko jaietako liburuxkan horietako baten berri eman zuen. Euskal Herrian (eta diasporan) oso ezaguna den Agur Jesusen ama abestia Hondarribian sortua dela deskubritu zuen.
Ustekabeko aurkikuntza izan zen, 1849tik 1986an hil zen arte Hondarribiko erretore izandako Jose Joaquin Ollok idatzitako agiri batzuk bere eskuetara iritsi zirenean.
Orain arte uste izan da Felipe Gorriti uhartearrarena zela Agur Jesusen ama. Baina, Ollok bere kroniketan idatzita utzi zuenez, Hondarribiko organista izan zen Juan Maria Mintegi Muxikari zor zaio doinua, eta Jose Ignacio Arana jesuitari lau estrofetan banatutako letra. 1879ko uztailaren 2an estreinatu zuten Agur Jesusen ama, Guadalupeko Amaren santutegiko ganbaratxoko aldareko inaugurazioan.
Aurkikuntza egin zuenean Eresbil musika artxibategira jo zuen Olaskoagak: “Egile hori ez zegoen Eresbilen sartua, eta bertara eraman nituen bere partitura batzuk. Orain ja autoreen artean agertzen da”.