Hondartzara, errugbirako krema emanda
IV. Hondarribia Beach Rugby egingo dute larunbatean hondartzan, Txingudi Rugby Club-ak antolatuta.
Zaisa Txingudi Rugby Club-ak Hondarribia Beach Rugby txapelketa antolatu du laugarrenez. Larunbatean egingo dute hondartzan, 10:00etan hasi eta arratsaldeko laurak bitarte. Senior, beterano eta misto mailetako Gipuzkoa, Bizkai eta Ipar Euskal Herriko taldeak espero dituzte antolatzaileek, baita Burgos probintziko bat eta Iberiar penintsulan zehar bizi diren argentinarrez osaturiko beste bat.
Ohiko errugbia baino arinagoa da hondartza errugbia. Esaterako, jokalarien arteko plakaketa debekatuta dago, eta horren ordez touch-a erabiltzen da. Hala, jokalari batek baloia daraman aurkaria ukituz gero, honek gelditu behar du eta baloia taldekide bati pasatu.
Txapelketa bitartean, errugbi inklusiboko jardunaldia egingo dute, baita haurrentzako errugbi erakustaldiak ere, kirola ezagutu dezaten. Haurrentzat ere, puzgarriak jarriko ditu Txingudi Rugby Clubak.
Eta jardunaldia bukatzeko, errugbian ohikoa den bezala, ez da faltako hirugarren denbora, parte hartzaile guztiek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten.
Elkarte antolatzaileak esker ona adierazi die Hondarribiko Udalari, kartela egin duen Judas Arrieta artistari eta larunbateko jardunaldia posible egin duten babesleei.