Ostiraletik, zestaren (Hegoaldeko) munduko hiruburu
Munduko puntista onenak lehiatuko dira Jostaldin. Aurten gazteen txapelketa paraleloa antolatu dute.
Udara garaiko Hondarribiko zesta punta jaialdien aurkezpena egin dute gaur goizean. Azken urteetako formatu arrakastatsuari eutsita, profesionalen Jai Alai World Tour barruko partidak eta gastronomia uztartuko dituzte astero Jostaldi pilotalekuan. Aurten berritasun bezala, 23 urtez azpiko puntista onenak lehian jarriko dituen txapelketa paraleloa antolatu dute.
Udaletxeko areto nagusian aurkeztu dute zesta punta jaialdi sorta. Bertan izan dira Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko kirol zinegotzia, Mikel Egiguren puntista eta Jostaldiko zesta programazioaren ardura duen Jai Alive enpresako ordezkaria, eta Yoni Amboage, Hondarribiko Pilota Eskolako zesta arloko arduraduna. Haien atzean herriko puntista gazteetako batzuk kokatu dira. Silanes zinegotzia beraiei zuzendu zaie: “Ziur nago hemendik urte batzuetara baten batek parte hartuko duela txapelketa hauetan”. Hain zuzen ere, Hondarribiko eskolako ikasle izan zen eta 2009tik profesionala den Jon Zulaika donostiarra jarri da gaztetxoen ondoan, argazkirako.
Zesta punta eta gastronomia formula izango da Jostaldin berriz ere, ostiral honetatik aurrera. “Formatuak arrakasta du, eta horretan jarraitu behar dugula uste dut”, gehitu du zinegotziak. Amboagek esker ona azaldu die jaialdiak antolatzea posible egiten duten guztiei: “Udalari eta Jai Aliveri noski, baina bereziki ostiralero boluntario gisa aritzen diren eskolako ikasleen gurasoei, 200 kilo hegaluze emango dituen arrantzaleen kofradiari, eta astero txandaka marmitako ikusgarria prestatuko duten Alameda, Enbata, Txantxagorri, Batzokia, Hiruzta, Laia eta Arroka Berri jatetxeei”.
Egigurenek eskerrak eman dizkio udalari urteotako laguntzagatik, dagoeneko 13. ekitaldia izango baita aurtengoa. Bakarra ez izanagatik ere, zestaren udara garaiko Hego Euskal Herriko hiriburu Hondarribia izango dela nabarmendu du Jai Alivekoak: “Donibane Lohitzuneren atzetik goaz, baina ez Markinak, ez Gernikak, ez dute lortu guk bezain beste funtzio programatzea. Oso pozik gaude hori lortuta”.
Jai Alai World Tour (JAWT) barruko jaialdiak izango dira Jostaldikoak, eta Grand Slam maila izango dute, JAWT barruko mailarik altuena, Egigurenen hitzetan. “Bakarrik bi Grand Slam jokatzen dira, bata Gernikakoa da, bestea Hondarribikoa. Puntuazio altuena ematen duen txapelketa izateaz gain, prestigio handia du. Aurreko urteko finalean harmailak goraino bete ziren, eta espero dugu aurten ere antzerako arrakasta izatea”.
Sei bikotek jokatuko dute guztira, bi multzotan banatuta. Uztailaren 19an jokatuko dute Grand Slam txapelketako lehen partida eta abuztuaren 23an final handia iritsiko da. Euskal Telebistak finalaren eguneko jaialdia eta aurreko ostiralean jokatuko diren finalerdiak grabatu egingo ditu, diferituan emateko.
Puntistei dagokionez, “munduko onenak” izango direla ziurtatu du donostiarrak. Aurrelarien multzoan daude, esaterako, iaz eta beste 11 aldiz munduko txapeldun izan den Iñaki Goikoetxea, Miamiko hirukoitz korua zazpigarrenez irabazi duen Erik Mendizabal, edota egungo Frantziako txapelduna den Cristophe Olha. Atzelarien artean bereizten dira Ibon Aldazabal, iaz Goikoetxearekin batera binakako txapeldun geratu zena, Nicolas Etxeto egungo munduko txapelduna, David Minvielle Frantziako txapelaren azken jabea, edota etorkizun handia duen eta iaz 18 urterekin profesionaletan debuta egin zuen Thibault Basque. Izenetako batzuk dira horiek, baina ezin dira besteak baztertu, ezta Egiguren bera ere. Donostiarrak badaki zer den hiru aldiz munduko txapelketa irabaztea eta, iaz lesioen erruz jarraikortasunik eduki ez bazuen ere, aurten sasoiko dagoela onartu du aurkezpenean.
Hondarribiko Grand Slam 2019
Bikoteak
- A multzoa: Goikoetxea-Aldazabal (iazko txapeldunak); Beaskoetxea-Minvielle; Erik-Ekhi.
- B multzoa: Egiguren-Lopez; Zulaika-Basque; Olha-Etxeto.
Gazteak, nobedade
Profesionalen partiden aurretik, 23z azpikoenak programatu dituzte aurten lehen aldiz. Hondarribiko Pilota Eskolak antolatuta, Euskal Herriko puntista gazte onenetako batzuk lehiatuko dira ostiralero 19:30etik aurrera, profesionalen partiden aurretik, eta Grand Slameko formatu berbera jarraituz. “Sei bikote, bi multzotan banatuta –azaldu du Amboagek–. Ligaxka egingo dugu lehenengo, eta finala profesionalen finalaren egun berdinean egingo da”. Egigunerek balioa eman dio erabaki horri: “Gazteen txapelketa profesionalenarekin batera egitea garrantzitsua da, egitura berberarekin gainera. Horrek asko balio gazteentzat, motibazio aldetik”.
Abuztuaren 23an izango da, beraz, gazteen txapelketa erabakitzeko azken partida, gerora telebistaz errepikatuko dutena. Aste honetan zehar zehaztuko dituzte bikoteak baina pilota eskolako ordezkariak harro esan du horietako bat Julen Basterra hondarribiarra izango dela.
Ostiral honetan hasiko da Jostaldiko udara berria, gazteen txapelketako lehen partidarekin eta Egiguren-Basque eta Ladutxe-Izagirre bikoteen artekoarekin. Ez da JAWT barruko jaialdia izango, bai ordea hurrengoa, hilaren 19koa. Egun horretan abiatuko dute 2019ko Hondarribiko Grand Slam txapelketa, munduko puntista onenak bilduko dituena.