Ion Areitiok podioa usaindu du Munduko Koparen abiatzean
Ion Areitio, Clean Trials taldeko bike trial pilotu hondarribiarra bosgarren geratu da Munduko Kopako lehen proban, baina hirugarrenarekin berdinduta. Salzburgon egin zuten asteburuan eta Alejandro Montalvo espainiarrak lortu zuengaraipena, herrikide Borja Conejosen aurretik. Podioko hirugarren koska Dominik Oswald alemaniarrarentzat izan zen.
Sekulako berdintasuna izan zen finalean. Hainbestekoa, ezen lehen bi sailkatuek final berbera egin baitzuten (270 puntu, bostetik lau pleno lortuta bakoitzak): finalerdian lortutako postu hobeak eman zion garaipena Montalvori. Hirugarren posturako, berriz, hiru pilotuk 240 puntura berdindu zuten, Oswaldek, Thomas Pechhacker austriarrak eta Areitiok. Pleno kopuruak zehaztu zituen sailkapeneko postuak, alemaniarrak hiru pleno egin zituelako, austriarrak bi eta Areitiok bakarra.
Julen Saenz de Ormijana gasteiztarra seigarren izan zen finalean eta, finalerdietako postuari esker, Benito Ros nafarra bederatzigarren. Lehen aldia da hiru euskal herritar sailkatzen direla Munduko Kopako lehen hamarren artean.
Gupil handian, Jack Carthy britaniarra izan zen onena, Nicola Vallee eta Vincent Hermance frantziarren aurretik.
Emakumeen lehian, Irene Caminos tolosarrak zortzigarren bukatu zuen, finalerako ezin sailkatuta. Vera Baron espainiarrak irabazi zuen urrea, Nina Reichenbach alemaniarrak zilarra eta Manon Basseville frantziarrak brontzea.