Hondarribiak sendo erantzun dio Orioren erakustaldiari
Go Fit Hondarribia traineruak lan bikaina egin du Eusko Label Ligako Galiziako lehen asteburuan. Banderarik irabazi ez duen arren –A Coruñako saria jardunaldi bikoitzean erabaki da–, bigarrenez irabazi du estropada bat, puntu batean murriztu du Oriorekiko aldea, eta sailkapeneko bigarren postua sendotu du.
Orio Arraunketa Elkarteak eskuratu du III. Bandera Ciudade da Coruña, liga hasierako talde indartsuena dela berretsiz. Baina Hondarribia Arraunek asteburuan maila bikaina erakutsi du, larunbatean hirugarren sailkatu zen, atzo denbora onena egin zuen, eta hiru segundogatik ez zuen bandera irabazi. Estropadaren une batzuetan, gainera, bezperan galdutako 11 segundoren tartea gaindituta ibili zen Ama Guadalupekoa. Olatu baten faltan geratu ziren Mikel Orbañanosen mutilak.
Bigarren asteburuaren ondoren zazpi puntu ateratzen zizkion Oriok Hondarribiri. Puntu batean murriztu du aldea, eta bigarren bezala sendo ageri da. Bigarren Santurtziri lau puntu ateratzen dizkio, bosgarrenari zazpi eta hamasei seigarren Urdaibairi. Akats handiren bat egiten ez badute behintzat, hurrengo asteburuetan Ohorezko txanda ziurtatuta dute hondarribiarrek.
Aurten dagoen lehiarekin, ez da gutxi. Larunbatean, hurrenez hurren, Santurtzi, Hondarribia, Urdaibai, Zierbena eta Donostiarra geratu ziren Orioren atzetik. Igandeko jardunaldian, aldiz, Donostiarrak, Zierbenak, Oriok, Santurtzik eta Urdaibaik bete zituzten bigarrenetik seigarrenera doazen postuak. Lehen sei postuetan inork ez zuen errepikatu. Ioseba Amunarrizek gidaturiko ontzia izan da bi jardunaldietan lehen hiruren artean sailkatu den bakarra. Liga hasiera parekatuena ari da izaten aurtengoa, eta arraun zale gehienentzako albiste ona da hori.
Hurrengo asteburuan Euskal Herrira itzuliko da Eusko Label Liga. Larunbatean XII. Donostiarra Kaiarriba – Amenabar Bandera jokatuko dute Donostian. Igandean, aldiz, Castro Urdialesen bogatuko dute TKEko hamabi ontziek, VII. CaixaBank Bandera jokoan.