Handitu dute bisita gidatuen eskaintza
Egunero bost bisita gidatu eskainiko ditu Arma Plaza Fundazioak. Gotorlekua astean hiru egunez bisitatu daiteke.
Uztailaren lehen egunetik hasita, udarako bisita gidatuen programa berria abiatu du Arma Plaza Fundazioak. Egunean bost bisita gidatu eskainiko dituzte eta, horrez gain, tren berdean ibilbide panoramikoak egiteko eta hiru egunez Guadalupeko multzo gotortua ezagutzeko aukera dago ere.
Informazioa Portuko turismo bulegoan ere berri ematen duten arren, Arma Plazako kultur eta informazio guneak koordinatzen du eskaintza. Maria Serrano Turismo zinegotziak bertakoak ere animatu ditu: “Antolatzen diren ekimenak ez daude bakarrik turistentzat pentsatuak. Hiritarra edo bertakoentzat ere irekita daude, adibidez, udan egunero goiz eta arratsaldez eskaintzen ditugu bisita gidatuak, goizeko 11:00tan lehena eta 16:30ean azkena. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez izango dira”.
Tren berdeari dagokionez, igande, astelehen eta astearteetan, goiz eta arratsaldez, ibilbide panoramikoak egingo ditu Javier Ugarteko geltokitik abiatuta (Gazte informazio bulego paretik). Igandeetan ez, baina astelehen eta astearteetan Guadalupeko gotorlekura igoko da. “Martxan jarri genuenetik oso harrera ona izan du trenak, bai bertakoentzat baita turistentzat ere hiria ikusteko modu oso egokia dela iruditzen zaigu”, erantsi du Serranok.
Aurtengo udarako eskaintzako berritasunetako bat Guadalupeko Gotorlekuan aurkituko du bisitariak. Hiru egunez irekiko dute, ostiral, larunbat eta igandeetan. Ostiral eta larunbatetan gotorlekuak, bunkerrak eta begiratokiak ezagutzeko aukera izango da, 17:00etan. Igandeetan, aldiz, gotorlekua bakarrik, 11:00etan. Bata zein bestea bi ordukoak izango dira, gaztelaniaz bakarrik.
Udarako ordutegian, Arma Plazako kultur eta informazio guneak asteko zazpi egunetan irekitzen ditu ateak, 09:30etik 19:30era. Gehiago jakin nahi duenak Arma Plaza Fundazioaren webgunean lor dezake informazioa. Bestela, 943 64 36 77 edo 943 64 46 23 telefono zenbakietara dei dezake, edo posta elektronikoz idatzi.