EAJk Zaldunbordarekin “aurrera egitea erabaki du”
Zaldunborda Gainean eraiki nahi duen outlet herrixka dela-eta joan den asteazkenean Hondarribiko oposizioak zabaldutako oharrari erantzuna eman zion udal gobernu jeltzaleak larunbatean. Higertoki enpresaren proiektuarekin aurrera egitea erabaki duela argi utzi du Hondarribiko EAJk: “Lege berriaren aurrean sor daitezken irakurketa ezberdinen aurrean, Udal Gobernu Talde honek hasitako tramitazio urbanistikoarekin aurrera egitea erabaki du”.
Irakurri Zaldunbordari buruzko erreportajea
Oposizioa oso kritiko azaldu zen, alkateak Eusko Legebiltzarrak lege berria aho batez onartu bezperan eman ziolako argi berdea Zaldunbordari, oposizioari ezer aipatu gabe egin ere. Jeltzaleek adierazi dute Zaldunborda Gaineko Plan Partzialaren lehen onarpenerako dekretua sinatzearen konpetentzia Txomin Sagarzazu alkatearena dela, eta alkateak zuzen jokatu zuela: “Alkatearen konpetentzia da, tramitazio urbanistikoak aurrera egin dezan eta informazio publikora pasa dadin, aurretik ezinbestekoak diren informe tekniko eta juridikoak eginda, eta berauetan jasotzen diren egokitzapenak egin ondoren”.
Alkateak dekretua lege berria onartu baino ordu batzuk lehenago sinatu zuen arren, tramitazioaren beste urrats bat izan dela nabarmendu dute jeltzaleek: “Plan Partzialaren tramitazio hau 2018ko uztailaren 18an hasi zen, duela ia urtebete, borradore baten aurkezpenarekin eta Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren Prozedurako tramitazioaren dokumentazioarekin batera. Ondoren, Plan Partzialaren bertsio zuzenduak jaso dira, 2019ko martxoaren 1ean eta ekainaren 26an. Era berean, gaian erantzukizunak dituzten administrazioen aurrean gainontzeko tramiteak burutu dira”. EAJrentzat, “jarduera ekonomikoa sustatzeko proiektu oso garrantzitsua” da Zaldunborda Gaina, eta “hirian zein bailaran lanpostuak sortzeko ezinbestekoa” izango dela erantsi dute.
Halaber, Zaldunborda kutsatuta dagoela eta garbitzeko lanak aurreratu behar direla gaineratu du udal gobernu taldeak: “Jabeen eskutik ingurumen aldetik zabor ez arriskutsuen zabortegiaren itxitura egitea ere ezinbestekoa da”. Ez dute azaltzen, garbiketa lan horiek bere gain hartzearen arrazoia. Izan ere, Txinzerri lurra erosi zionean garbiketa kostuen zama bere gain hartu zuen Hondarribiko Udalak, lurrarengatik bere balioa baino askoz gehiago ordaintzeaz gain.