Iragarri bezala, itsasoa liburutegira sartu da
Aurreikusita zegoen eta iragarpenak bete egin dira. Itsasoak Hondarribiko harresiak gainditu zituen asteartean eta Kale Nagusiraino sartu zen. XVIII. mendeko Zuloaga jauregian izan zuen eragin handiena, itsasoko faunaz bete baitzen udal liburutegiaren egoitza den eraikin dotorea. Kolore eta forma guztietakoak, txikiak, handiak, ertainak, arrainak, olagarroak, itsas izarrak, karramarroak, itsas zaldiak… Denetarik.
Liburutegia ozeano bihurtzen ari dira Herman Melvilleren jaiotzatik bi mende pasatu direla ospatzeko. Irailetik aurrera Moby Dick, Melvillek 1851n argitaratutako liburua protagonista izango duen zikloa abiatuko dute Zuloaga Etxean. Orain aste batzuk aurkeztu zuten eta asteartean zikloa apaintzeko eskulan tailerra egin zuten, itsas fauna sortu zuten, zikloari buruzko erakusketa osatzeko. “Batzuek arrainak egin dituzte papera erabilita, eta itsas animali batzuk goma EVArekin. CDekin ere sortu dituzte animaliak, ezkatadunak eta abar”, azaldu zuen Maria Roman liburutegiko langile eta tailerreko arduradunak.
Pozik zegoen jarduera bukatuta, ume asko udalekuetan sakabanatuta dauden arren, eta sanmartzialetako barraketan Haurren Eguna zen arren, dezente arrimatu zirelako tailerrera: “Helburua haurrek Moby Dick-en zikloa ezagutu eta bertan parte hartzea zen, prestatzen lagundu zezatela, liburutegia apainduz». Helburua lortu zutela argi dago, dozenaka animali sortu zituztelako. Dagoeneko hasi dira animaliak kokatzen jauregiko beheko solairuan zehar. Goma EVArekin egindakoak liburutegiko atarian, sarrerako kristaletan, «gainontzekoak sabaiko itsasoan zintzilikatuko ditugu”, gaineratu zuen Romanek.
Astearteko tailerraren aurretik forma hartzen hasia zegoen erakusketa. Sabaitik erortzen diren olatuez eta eskaileratik jaisten den eta erabiltzaileen mezuak arrantzatuko dituen sareaz gain, beste hiru lan nabarmentzen dira bereziki: Judas Arrietaren photocall-a, Menina tailerrean sorturiko balearen isatsa eta Ahab kapitaina, eta Pequod barkuaren ezaugarri antzekoak dituen baleontziaren erreplika, Inazio Lagarderen bildumakoa. Ederrak dira, era berean, jauregiko beheko solairuko hormetan eskegita dauden kartelak, horien artean 1956. urtean John Hustonek zuzenduriko eta Gregory Peck protagonista zuen pelikularena, udazkenean zikloaren barruan proiektatuko dutena.
Hormetan bakarrik ez, apalategi eta bitrinetan ere badira aipatzeko moduko aleak. Adibidez, 1979an Kaxildo Alkortak jatorrizkotik euskarara itzulitako liburua [itzultzailearen familiak utzitakoa]. Edo Down sindromea duten pertsonen aldeko Sin Limites elkartearen gaztelaniazko bertsio berezi bat: “Oso kuriosoa eta polita da —azaldu du Nekane Barandiaranek—. Liburu osoan ez da e hizkia erabiltzen, horregatik, adibidez, Ahab kapitainari besoa falta zaio, gaztelaniaz pierna hitzak baduelako e hizkia”.
Liburuak, komikiak, kartelak, DVDak eta askoz gehiago biltzen ari dira, erakusketarako eta maileguan eskaintzeko. Gainera, jardunaldiak irailean hasiko badira ere, aurretik beste deialdiren bat egingo dutela jakinarazi du Barandiaranek. “Uztailean ez bada, abuztuan. Kofradia eta saregileen lanbidea ezagutzeko bisita egingo dugu”. Data hori zehazten duten bitartean, abuztuaren 1erako tarta handi bat prestatzen hasi dira. Egun horretan bi mende beteko ditu Herman Melvillek eta mendaria egingo dute liburutegian. Ez da erraza izango 200 kandela kolpe batez itzaltzea, ez bada bale zuri handi baten isatsaren laguntza dutela.
Laguntza uholdea
Bizpahiru urteko lanen ondoren [bitartean behin-behineko zerbitzua eraikin modular batean eskaini zuten], 2017ko urrian inauguratu zuten Hondarribiko Udal Liburutegi berritua. 500 metro koadro erabilgarritik 1.200era pasa zen, eta bi langile izatetik, seira. Leku gehiago, areto gehiago, langile gehiago, eta jarduera gehiago. Horren erakusle izan zen iaz Mary Shelleyri eta Frankenstein-i eskainitako programa. Orain, Herman Melvilleren jaiotzaren urteurrenaren aitzakiarekin, bere lanik ezagunena den Moby Dick liburua izango da egitarauaren oinarria.
Aurreko urtearekiko hori da lehen desberdintasun nagusia. Eta bigarrena, askoz ere eragile gehiagoren artean prestatuko dutela egitaraua. Bale harrapaketa adierazten duen Europako lehen irudia Hondarribiko 1297ko zigilu bat da. Horregatik, ez da harritzekoa liburutegiko lantaldeak herriarekin konpartitu nahi izatea bale zuriaren inguruko jardunaldien antolaketa. Lagunduko dute, esaterako, Santa Maria Madalena eta Menina tailerrek, Judas Arrieta artistak, Blagan Euskara Elkarteak, Psilocybe Musika Elkarteak, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak, Done Pedro Kofradiak eta Arma Plaza Fundazioak. Herritik kanpora ere aurkitu dute babesa, Koldo Mitxelenako Komikiguneak eta Tabakalerako Ubik liburutegiak gaiari buruzko hainbat ale utzi baitizkiote Zuloaga Etxeari, erabiltzaileei maileguan eskaintzeko.
Ez dago Melvillena baino bale ezagunagorik. Bakarra da Moby Dick. Baina mila modutara disfrutatu daitekeela sinetsita dago Hondarribiko Udal Liburutegia. Eta horretan ari dira.