Berriz ere Zaldunborda
Legebiltzarrak merkatari txikien babeserako legea onartu bezperan Hondarribiko alkateak Zaldunbordari argi berdea eman dio. Oposizioak atzera egiteko exijitu dio.
Merkataritza gune handi berririk ezingo da ireki herri eta hiri handien inguruetan Euskal Autonomia Erkidegoan. 30.000 biztanletik gorako hirien periferian 2.500 metro koadrotik beherakoak izan beharko dira, eta herri txikiagoetan, are txikiagoak. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk aurkeztu zuten lege proposamena, baina EAJk eta PSE-EEk ere alde bozkatu zuten. Hala, joan den osteguneko saioan Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen merkatari txikiak babestea helburu duen Merkataritza Jarduerararen Legearen erreforma. Bi aste barru sartuko da indarrean.
Legearen arabera ezingo litzateke Hondarribiko EAJk Zaldunbordan eraiki nahi duen outlet herrixka sortu, Legebiltzarrak jarritako muga gainditzen duelako. Higertoki enpresak aurkezturiko proiektuak 40.000 metro koadroko azalera eraikia aurreikusten du, hau da, hamasei aldiz legeak hiri handientzako gehienez baimentzen duena. Hori Irun aintzat hartuta, Hondarribia soilik kontuan hartuko bagenu, muga 1.800 metro koadrokoa litzateke.
Baina Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk aurre hartu dio Legebiltzarrari, eta, oposizioarekin kontsultatu gabe eta alkate dekretuz, Zaldunbordarako Plan Partzialaren hasierako tramitazioa gauzatu ahal izatea onartu zuen joan den asteazkenean, Legebiltzarraren saioaren bezperan. Hori baino gehiago, asteazkenean bertan bi txosten eskatu eta lortu zituen alkateak, dekretua sinatu aurretik. Udaleko oposizioak nahiz herritarrek hilabeteak behar izaten badituzte txosten bat eskuratzeko, alkateak bi txosten eskuratu zituen egun bakarrean.
Oposizioaren erantzuna berehalakoa izan da. Udaleko beste hiru udal taldeek, Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk atzera egiteko exijitu diote alkateari. Oso haserre daude Sagarzazuk hartu duen erabakiarekin, baita erabakia hartzeko moduarekin. Tresna nagusi modura elkarrizketa erabiliko zuela agindu zuen alkateak ekainaren 15eko kargu hartze saioan, hitzez hitz: “Hondarbitar guztien alkatea izatea da nire erronka, hondarbitarrekin eta hondarbitarrakentzat. Eta erronka horri, erantzukizunez ekingo diot: hitz eman dut arretaz, gardentasunez, dedikazioz eta ilusio osoz beteko dudala. Eta elkarrizketa erabiliko dut tresna nagusi modura”. Agintaldia hasi orduko bukatu zaio oposizioari alkatearekiko konfiantza.
Oposizioa, haserre
Hondarribiko udal oposizioa osatzen duten hiru taldeek ohar bateratua kaleratu zuten asteazken arratsean. Legebiltzarrak onarturiko legearen espirituari muzin egitea leporatu diote alkateari. “Lege berriak aldatu egiten ditu establezimendu komertzial handiak egin ahal izateko baldintzak. Hori izan da udal gobernuaren premia. Horren aurrean, Hondarribiko oposizioko talde guztiek batera, gure desadostasuna agertu nahi dugu prozedurarekin”.
Hiru taldeetako bozeramaileek sinatu zuten oharra, Igor Enparanek, Iosu Alvarezek eta Xabier Isasik. Bertan, dekretua erretiratzeko eta Zaldunbordaz udaletxean eztabaidatzeko exijitu diote Sagarzazuri: “Alkateari eskatzen diogu 1134/2019 Dekretua bertan behera lagatzea eta lege berria argitaratu ondoren Zaldunborda Gaina proiektua udalbatzarrean eztabaidatzea”.
Halaber, dekretua sinatu aurretik lorturiko txostenen baliozkotasuna zalantzan jarri du oposizioak: “Harrigarria izan da zein bizkor egin duten. Egun berean arkitektoaren txostena, idazkariaren informea eta dekretua. Hori da eraginkortasuna!”.
2014an erosi zuen Hondarribiko Udalak, bere balioaren halako sei ordainduta
Ehun saltoki, 40.000 metro koadroko azalera eraikia, 40 milioi euroko inbertsioa, mila autorentzako aparkalekua, Espainiako Estatuan Bartzelonak eta Madrilek baino ez dituzten moduko outlet herrixka bat. Hori da Higertoki SL enpresak aurkeztutako proiektua. Soilik EAJren babesa du. Hondarribiko oposizioarekin batera kontra azaldu dira, esaterako, Irungo alderdi guztiak (EAJ barne), Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkartea, edota Bidasoaldeko Lagunak plataforma ekologista.
Hondarribiko eta Irungo udalek osatzen duten Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak (Txinzer) jabe partikular bati erositako lur eremu kutsatua da Zaldunborda Gaina. Gerora egingo ez zen errauste planta eraikitzeko erosi zuten 2004an, 789.586 euro ordainduta. Hondarribiko Udalak, Hondarribia Lantzenen bitartez, 2016ko ekainaren 20an erosi zion Txinzerri, balio zuena halako sei ordainduta (4.866.123 euro), eta deskontaminazioaren kostua (3,5 milioi euro inguru) bere gain hartuta.
Gainera, Zaldunbordak landa-lurzoru izaera juridikoa du, ez merkataritzakoa; HAPOan birkalifikatu zuen udalak EAJren botoekin, baina EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EAELAB) “kontrako irizpena” eman zion erabakiari, HAPOari lotutako txosten baten bitartez.
2016ko irailean lizitazio prozesua ireki zuten. Higertoki izan zen konkurtsora aurkeztu zen enpresa bakarra. Hain zuzen ere, maiatzaren 30ean sortu zen enpresa, eremuaren salerosketa gauzatu baino hiru aste lehenago. Hidrokarburoei lotutako enpresa da, Bilboko superportuan egoitza duen Esergi Inversiones (Avia gasolindegiak) konpainiaren eskutik jaio baitzen. Zaldunbordako auzian gauza asko daude ulertzeko errazak ez direnak, eta zailenetakoa hori, hidrokarburo holding batek merkatuko balioaren oso gainetik dagoen lur eremu kutsatu bat erosi, deskontaminazioaren kostua ordaindu, eta bertan outlet saltoki multzo bat eraiki nahi izatea.