Vivaldiren 'Gloria', Ordoño II.a abesbatzaren eskutik
Leongo neska gaztez osaturiko koruak Amuteko Kaputxinoen elizan abestuko du bere hamargarren urteurrenean, Eskifaia elkarteak gonbidatuta.
Leongo Ordoño II.a gazte abesbatzak Amuteko Kaputxinoen elizan abestuko du ostiralean, 20:00etatik aurrera. Azarotik hamargarren urteurrena betetzen ari da korua, eta Eskifaia elkarteak gonbidatuta iritsiko da Hondarribira.
La Palomera eskolako publikoko ikasgela koraleko zuzendari Jorge Suarezen eskutik sortu zen korua 2008ko azaroan. Hasiera batean La Palomerako 11 urtetik gorako neskez osaturiko abesbatza izan zen, baina hurrengo urteetan Leongo beste lau eskoletako hainbat ikasle ohi ere batu zaizkie.
Urte gutxitan oso estilo eta gai desberdinak landu dituzte, hala nola, Ariel Ramirezen Misa Criolla (Leon Gotico eta Espiga koruekin elkarlanean), Bob Chilcotten A Little Mass Jazz, edota John Leavitten Meza Divertigarria.
Hamargarren urtebetetzea ospatzeko Antonio Vivaldiren musika aukeratu du Ordoño II.a abesbatzak. Hain zuzen ere, Gloria RV 589 obra osorik abestuko dute Kaputxinoen elizan, Desmond Ratclifferen moldaketatik abiatuta. Aurretik, gainera, Henry Purcellen Sound the trumpet eta Johan Sebastian Bachen Domine Deus interpretatuko dituzte.