...eta liburutegia itsaso bihurtu zen
Aurreikusita zegoen eta iragarpenak bete egin dira. Itsasoak Hondarribiko harresiak gainditu ditu eta Kale Nagusiraino sartu da. Zuloaga Etxean izan du eragin handiena, itsasoko faunaz bete baita jauregia. Kolore eta forma guztietakoak, txikiak, handiak, ertainak, arrainak, olagarroak, itsas izarrak, karramarroak, itsas zaldiak… Denetarik.
Liburutegia ozeano bihurtzen ari dira Herman Melvillen 200. urteurrena ospatzeko. Irailetik aurrera Moby Dick, Melvillen liburu ezagunena protagonista izango duen zikloa abiatuko dute liburutegian. Orain aste batzuk aurkeztu zuten eta gaur zikloa apaintzeko eskulan tailerra egin dute, kartoiarekin eta Goma EVArekin eginiko fauna sortu dute, zikloari buruzko erakusketa osatzeko.
Hurrengo zita abuztuaren 1ean izango da, Melvillen urtebetetze egunean. Mendaria prestatuko dute arratsalde horretarako, tarta eta guzti. Hori bai, orain artekoa ikusita, itsasoko urarekin itzaltzen ez diren kandelak beharko dituzte tartarako.