Batzar Nagusien pleno ibiltaria egin dute Hondarribian
Gipuzkoako Batzar Nagusien 2019-2023 agintaldiko lehen osoko bilkura ibiltaria egin dute gaur goizean Hondarribiko Kultur Etxeko areto nagusian. Atzo eratu ziren Batzar Nagusiak eta, ohiturari jarraituz, eratze ondorengo saioa herrialdeko udalerri batean egiten dute batzarkideek, txandaka. Aurten Hondarribian egitea egokitu da.
Udal hautetsiek Arma Plazan egin diete harrera diputatu, batzarkide eta gonbidatuei. Dantzarien saioa eta gero Arma Plazatik Kultur Etxerantz abiatu da taldea, klarinek Gipuzkoako Ereserkia jotzen zuten bitartean.
Denda kaleko eraikinean, plenoaren aurretik, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariak eta Markel Olano ahaldun nagusiak Hondarribiko Udalaren ohorezko liburuan sinatu dute. Eta Txomin Sagarzazu alkateak gauza bera egin du Batzar Nagusien ohorezko liburuan.
Jarraian hasi da bilkura, hurrenez hurren, Hondarribiko alkatearen eta Batzar Nagusietako lehendakariaren hitzaldiekin. Saioa amaitzeko, hurrengo bilkura ibiltaria egingo den lekua zehaztu dute batzarkideek. Bergaran egingo dute gaurtik urtebetera, 2020ko uztailaren 2an. Agur Jaunak-en doinuekin amaitu da Batzar Nagusien saio ibiltaria.