"Segurtasuna eta prezisioa hobetu zitezkeela uste nuen"
Zamaontzien karga neurtzeko gailua asmatu du Haritz Solachi hondarribiarrak. Munduan ez dago beste horrelakorik.
Haritz Solachi SGS konpainiako berrikuntza koordinatzailea da. Zamaontzien karga neurtzeko gailua asmatu du, lanbide horren segurtasuna eta fidagarritasuna asko handitzen dituena. Urte gutxitan ikuskatzaile izatetik konpainiaren lanpostu global batera jauzi egin du hondarribiarrak. Mineralen ataleko portu eta bulego zerbitzuen eraginkortasuna hobetzea da bere lana.
Zer ikasi zenuen?
Bidasoa Institutuan ikasi nuen, telekomunikazioetako elektronika.
Eta, nola hasi zinen SGS enpresan lanean?
Lagun baten beste lagun baten bitartez izan zen, Hondarribian bertan. ‘Ez zaizu lan hau interesatuko?’, esan zidan. Eta hala sartu nintzen SGSn, Iberdrolako plantan ikuskapenak egiteko.
Konpainia handia da SGS, ez?
Bai, ikuskatze eta egiaztatze lanetan munduko enpresa liderra da. Bi bezeroen arteko bitartekaritza egiten dugu, batek saltzen du, besteak erosi, eta guk salerosketa horretan konfiantza ezartzen dugu. Saltzen den produktuaren kalitatea edo kantitatea erosten denaren berbera dela ziurtatzeaz arduratzen gara.
Pasaiako Portuan, esaterako, zer lan egiten dituzue?
Denetarik, siderurgia, zamaketariak, mineralak… Material horiek portura iristean direnean, ziurtatu egiten dugu saldu zen kalitate estandarrak betetzen dituela. Altzairu bobina bat oso bikain bezala saldu badute, erosleak jakin nahi du iritsi den bobina hori halakoa dela. Edo enpresa batek hainbeste tona ikatz, txatarra edo gari erosten baditu, produktua ekarri duen barkuak kantitate hori ekarri diola jakin nahi du bezeroak.
Zu termikoan hasi zinen. Zehazki, zertan?
Ikuskatzaile bezala hasi nintzen, termikara iristen zen ikatzaren laginak hartzen nituen, eta lagin horien bitartez plantara sartzen zen ikatzaren kalitatea zehazten zen eta horrek, era berean, sortzen zen elektrizitatearen kalitatea zehazten zuen.
Eta nola bukatu duzu lan horrekin zerikusia ez duen beste lan baterako gailu bat asmatzen?
Gure enpresak Iberdrolari eskaintzen zion beste zerbitzu bat zen barkuak zenbat ikatz tona zekarren neurtzea. Hori beste lankide batek egiten zuen, baina interesa piztu zitzaidan eta bere lana erakusteko eskatu nion. Behin ikasi nuela, nire buruari galderak egiten hasi nintzen, eta galderetako bat zen ea zergatik ez zen neurketa prozesu hori digitalizatzen. Eta informatika eta elektronikan ditudan ezagutzak baliatuz, barkuen pisua neurtzeko gailua garatzen hasi nintzen.
Berez, nola egiten da lan hori, kalatuen neurketa?
Arkimedesen printzipio batean oinarritzen da: fluido batean sartutako gorputz orok, berak desplazatutako fluidoaren pisu bereko indar bertikala jasango du. Zamaontzien inguruan marka eta zenbaki batzuk daude, eta horien irakurketaren bitartez barkua zenbat hondoratu den kalkulatzen da. Neurketa batzuk moilatik egiten dira, beste batzuk eskala batekin barkutik airean eskegita. Kalatuen neurketaren emaitzari, lasta-ur tankeetako pisua eta barkuak hutsean pisatzen duena kentzen badiogu, emaitzak zamaren pisua emango digu.
Ura geldirik balego, erraza litzateke marken irakurketa egitea, baina begiarentzako oso zaila da kalatuak estaltzen dituen olatua ezabatzea, batezbesteko neurri zehatza kalkulatzea. Eta zaila bada hemen Pasaian, imajinatu barku eta olatu handiak dituzten portuetan.
Zenbatekoa izan daiteke errore-marjinaren eragina, esaterako, 10 zentimetroko aldea?
Pasaian egoten diren barkuak 5.000 tonako barkuak dira, 12ko TPCa dute, hau da, hamabi tona behar izaten dute barkua zentimetro bat hondoratzeko. Horrek esan nahi du hamar zentimetro errorearen aldea 120 tonakoa dela, bost kamioi betetzeko lain. Barku handietan TPCa 150-200ekoa izan daiteke, hortaz, hamar zentimetroko erroreak 1.500-2.000 tonako errorea suposatzen du, 60 eta 80 kamioi artean.
Nolako gailua da asmatu zenuena?
Ultrasoinu sentsore bat da, distantzia neurgailu bat. Originala oso oinarrizkoa zen, oso merke aurki daitezkeen materialekin eginikoa, 15 euroko kostua zuen. Ultrasoinu sistema batekin eta algoritmo batekin, barkuaren inguruko olatuak irakurtzeko eta ekuaziotik ezabatzeko gai izan nintzen. Helburua hori zen, zalantzak uxatu, eta balore subjektiboak alboratzea, ikuskatzailearen segurtasuna hobetzeaz gain.
Segurtasun neurri guztiak hartzen genituen arren, bai segurtasuna bai prezisioa hobetu zitezkeela uste nuen. Ikuskatzaile nintzela, ezin nuen nire burua 60 urterekin hori egiten imajinatu, hamabi metroko eskala bat jaitsi eta uraren mailara eskegita geratzea. Eta zerbait egin behar zela erabaki nuen [irribarre egin du].
Nola lortu zenuen enpresako arduradunek zure proiektuaren berri izatea?
Enpresan ardura desberdinak hartzen hasi nintzen. Fakturazioan ari nintzela Madrilen urtebete egin nuen, konpainiaren Espainiako Estatuko fakturazio sistema modu eraginkorrean inplementatzen laguntzeko. Kafetegi batean hizketan ari ginela, kalatu bat egitea zein zaila zen komentatzen ari ginen, eta nik gailu bat asmatu nuela esan nien, oso oinarrizkoa zena, hobekuntzak behar zituena, baina funtzionatzen zuena.
Hasieran ez zuten sinistu, ez zuelako nire lanarekin zerikusirik, nik ikuskaritzan eta fakturazioan lan egiten nuelako. Baina Informatika Teknologiako (IT) zuzendariari iritsi zitzaion [egun SGSko estatuko arduraduna dena], eta gailua erakusteko eskatu zidan. Egiten duena baino, berak ez zuelako zehazki kalatuen neurketa jarduera hori ezagutzen, gustatu zitzaiona izan zen jarduera bat teknifikatzeko gai izan nintzela, eta ondorioz, zehaztasuna handitzeko eta arriskua txikitzeko.
Eta ideia erosi zidaten. Bat-batean prozesuez zekien norbait izatetik, teknologiaz zekien pertsona bat izatera pasatu nintzen, asmatzaile izatera.
Ideia erosteaz gain, neurgailua garatzeko ardura ere eman zizun enpresak.
Bai. Hasiera batean ez nuen oso garbi nola garatu, Txina nuen buruan, edo beste nonbaitera bidaiatzea, baina enpresak Europan egitea pentsatu zuen, nire etxetik gertu egitea, eta Asturiasen garatu dugu neurgailua. Ni kudeaketaz arduratu naiz, diseinua Donostiako enpresa batekin landu dut, firmwarea [gailu barruko softwarea] garatu dut, algoritmoak, menuak… eta enpresarekin batera, patenteak, zertifikazioa, kalibrazioa, eta ikuskatzaileen formazioa landu dut.
Noraino zabaltzea da asmoa?
Ideia da SGS dagoen leku guztietan erabiltzea nire gailua. Beste inork ez duen teknologia da, gu bereiziko gaituena. Eta enpresak duen tamaina kontuan izanik, munduko herrialde guztietara iritsi behar da. Noski, ezin da egun batetik bestera egin.
Eskatu zidaten batez ere kritikoak ziren herrialdeetara joateko gailuak funtzionatzen zuela erakusteko, beste barku mota batzuekin, beste portu batzuetan probatzeko… Eta hala joan nintzen Filipinak, India, Peru eta AEBra. Lehen erantzuna ezezkoa izaten zen, erosoagoa delako kalatua egitera joatea esku hutsik motxila batekin baino. Baina behin probatzen dutela ohartzen dira ez dutela berriro eskalarekin jaitsi behar, ez direla arriskuan jarri behar, eta irakurketa zehatza dela eta ez zarela bezeroaren aurrean konprometitzen.
Inplementazio fasean zabiltzate orduan?
Bai, eta bitartean gailuari lotutako aplikazioa garatzen ari gara. Konpainia digitalizatzen ari da zentzu guztietan, eta nire lanetako bat konpainiako mineralen zerbitzuko digitalizatzea denez, kalatuen neurketa egiten lagunduko duen aplikazioa sortzen ari gara. Gailuak jasotzen dituen datuez gain, beste datu batzuek hartuko ditu kontuan, barkuaren berezko pisua eta lastaren pisua, eta buruketa egingo du. Buruketa eskuz egin beharrean aplikazioak egingo du, eta modu grafikoan erakutsi.
Zenbat denbora pasatu da ideia erosi zizutenetik neurgailua martxan egon den arte?
Lau urte. Denbora asko da, lan handia izan da.
Eta, zer etortzen zaizu burura 15 euroko ideia horretan oinarritutako neurgailua mundu osoan zabalduko dela pentsatzen duzunean?
[Arnasa hartu du] Lan handia dagoela atzean, lehenengoa astebetean egin zela, eta beste honentzako lau urte behar izan direla. Zer pentsatzen dudan? Bada edozein gailu ikusten dugunean, txikiena dela ere, atzetik lan itzela dagoela. Ez naiz multinazional teknologikoez ari, baizik eta gauza txikiak produzitzen dituzten enpresa horiez ari naiz. ‘Hau sei hilabeteetan egina dago’ pentsa dezakegu gailu txiki bat ikusita [buruarekin ezetz esan du], ezinezkoa da.
“Gustuko dut nire lana, eta asko baloratzen dut hori”
Ikuskatzaile bezala hasi zinen, baina beste arlo batzuetan egin duzu lan. Orain zertan zabiltza?
Bai, fakturaziotik eraldaketa estrategikora pasatu nintzen. Nire gailutik abiatuta, beste hainbat tresna inplementatzeko aukera izan genuen, eta nire ardura zen tresna horiek ebaluatu eta antolakuntzan barneratzea. Hortik, ITra pasatu nintzen, negozio lerro desberdinei euren jarduera teknifikatzen laguntzera, eta hortik berrikuntzara. Eta hortxe nago, berrikuntzan. Espainiako Estatuko Berrikuntza koordinatzaile bezala, beste bi lankiderekin batera negozio-lerro guztien berrikuntza arloaz arduratzen gara, negozio-lerro guztiez: Ibilgailuen Azterketa Teknikoak, nekazaritza, meatzaritza, igogailuen ikuskaritza, gobernuen ikuskaritza administratiboa…
Duela bi hilabetetik lanaldi erdira pasatu naiz berrikuntzan, eta beste lanaldi erdian mineral arloko prozesuen mundu mailako hobekuntza arduraduna naiz. Eta, hor, nire lana da, berrikuntza baliatuz, arlo horretan eraginkortasuna eta produktibitatea handitzea, hazteko. Eta horretan nabil.
Atzera begira jarrita, Iberdrolako barkuetan laginak hartzen aritzen zinenean, pentsatu al zenuen egunen batean hain gora iritsiko zinela, sektoreko enpresa handieneko bilera gorenean parte hartuko zenuenik?
Inola ere ez. Ni ez naiz exekutiboa, ni ikuskatzaile bat naiz. Erabat profil desberdina da. Baina globalitatean ona da profilak nahastea. Enpresaren kudeaketa ezin da bakarrik exekutiboen esku egon, enpresa osoak egon behar du ordezkatuta funtzionatuko badu, bestela zentzurik gabeko proposamenak egiten egongo ginateke. Makinak erabiltzen dituzten langileen artean potentzial itzela dago, ezin da horiei bizkar emanda enpresa bat bulegotik kudeatu, ezin da prozesu produktiboan berritzaile izan makinak ibiltzen dituztenekin hitz egin gabe, gurekin hitz egin behar dute.
Zuretzat nolakoa da bilera horietan egotea?
Niretzat positiboa da pertsona hauen ondoan egotea, exekutiboekin biltzea, hain zuzen ere ez nituelako ezagutzen, ez nekielako nolako pertsonak ziren. Eta ondo sentitu naiz haien ondoan.
Eta beraientzat ere ni ezagutzea positiboa dela deritzot, behetik datorren pertsona naizelako. Begira, nire neurgailua onartzen zuen pertsonak ez zuen kalatuen ikuskatzaile baten jarduera zehatz-mehatz ezagutzen, eta nirekin hitz egin nahi izan zuelako ari gara elkarrizketa hau egiten.
Horregatik, orain gutxi arte ikuskatzaile zen pertsona bat exekutiboen artean egotea nolakoa den? Positiboa, dudarik gabe. Ez dakit nire lekua izango ote dudan hor, momentuz gustukoa dut, oso ondo dagoelako ni bezalako jendea sartzen uztea zirkulu horietan, monetaren beste aldea erakutsi diezaiekedalako.
Kalatuen neurketa teknifikatu duzuen sektoreko enpresa bakarra da zurea, olatuek eragindako balizko akatsak ezaba ditzakeen bakarra. Konpetentziak gustura izango luke zu bezalako norbait haientzako lanean…
Eta segur aski izango dute. Baina ni gustura nago nire enpresan, imajina ditzakezun postu guztietan aritu naiz lanean, eta hori enpresak eman dit, oso denbora gutxian gainera, zazpi urtean, 2011n ikuskatzailea nintzelako. Nik hori asko baloratzen dut. Gustuko dut nire lana, asko baloratzen dut hori. Zorte hori dut.