LGTBI kolektiboari babesa adierazi dio Hondarribiko Udalak
LGTBI Harrotasunaren Egunari begira adierazpen instituzionala adostu dute udalean ordezkaritza duten lau alderdiek.
Bihar ospatuko den LGTBI Harrotasunaren Egunari begira adierazpen instituzionala onartu du Hondarribiko Udalak. Udalean ordezkaritza duten lau alderdiek sinatu dute, EAJk, Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk.
Adierazpen instituzionalaren bitartez, batetik, giza eskubideen aldeko konpromisoa berresten du udalak, “baita aniztasun sexualaren, genero identitatearen eta orientazio sexualaren arabera jendea ez diskriminatzearekin ere”.
Bestetik, “aniztasun sexualaren aldeko eta orientazio sexualaren edo genero identitatearen arabera pertsonak ez diskriminatzeko politiketan apustu egiteko beharra” adierazten du.
Hirugarrenik, “edozein motatako erasoak” gaitzesten ditu, “indarkeria fisikoa edota hitzezkoa, umiliazioa edota LGTBIQ pertsonekiko gutxiespena”. Hori horrela, askatasun sexualaren alde lan egiten dutenak babestu eta sentsibilizazio kanpainak bultzatzeko prest azaldu da erakundea. Horrez gain, ortzadar bandera zintzilikatuko du bihar Hondarribiko Udalak, “aldarrikapen eta ospakizun eguna dela ikustarazteko”.