Hondarribiko Udalaren ziklo berria arautu du plenoak
Batzorde informatiboak arautu, udalak parte hartzen duen erakundeetako ordezkariak aukeratu eta ordainsariak zehaztu dituzte.
Agintaldi berria zehazteko ezohiko plenoa egin zuten astelehenean Hondarribian. Hurrengo laurtekoan erakundearen funtzionamendua zehazteko balio izan zuen. Besteak beste, batzorde informatiboak arautzeko, udalak parte hartzen duen erakundeetako ordezkariak aukeratzeko eta udal taldeek eta zinegotziek jasoko dituzten ordainsariak zehazteko balio izan zuen.
Lau izango dira hurrengo laurtekoan Hondarribiko Udalean ordezkaritza izango duten alderdiak (EAJ, Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu), eta lau udal talde horien eta bakoitzaren bozeramaleen berri ematea izan zen bilkurako lehen eginkizuna. Juan Mari Altuna izango da jeltzaleen bozeramalea plenoetan, Igor Enparan Abotsanitz alderdiarena, Iosu Alvarez PSE-EErena eta Xabier Isasi EH Bildurena.
Jarraian alkateordeak zeintzuk izango diren jakinarazi zuen Txomin Sagarzazu alkateak. Hurrenez hurren, Juan Mari Altuna, Maria Serrano, Juan Luis Silanes, Gotzone Larrarte eta Gonzalo Carrion izango dira lehen, bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren alkateordeak. Hain zuzen ere, lehen laurek Tokiko Gobernu Batzordea osatuko dute alkatearekin batera. Salbuespenak salbuespen, hamabostean behin elkartuko dira, astelehenetan.
Batzorde informatiboen funtzionamendua ere onartu zuten astelehenean. Lau izango dira: Ogasun, Ondare eta Kontuak; Udalerria; Herritarrak; eta Udala. Euskal Lege berriak aukera ematen du batzordeak jendaurrekoak izateko, eta horren alde bozkatu zuten udal talde guztiek. Abotsanitzek eta EH Bilduk beste urrats bat emateko eskatu zioten udal gobernuari, batzorde informatiboak ez izatea informatiboak soilik, eztabaidarako ere aukera izan dadila, udal kudeaketari begira eraginkorrak izan daitezen.
Plenoaren maiztasuna zehazteko ere balio izan zuen batzarrak. Ohikoak bi hilean behin deituko dira, hilabete bikoitietan eta ostegun arratsaldeetan; abuztukoa eta abendukoa ez dira egingo. Ez ohikoei dagokionez, bi behintzat erabaki dituzte dagoeneko, uztailaren 23an egingo dutena, eta aurrekontuak eztabaidatzeko azaroaren 28an egingo dena; azken hau, salbuespen bezala, goizez egingo da, eztabaida hori asko luzatu ohi delako.
Taldeen eta zinegotzien ordainsariak
Zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren puntuetan, liberatuen ordainsariak eta gainontzeko udal kideen kalteordainak onartu zituzten. Txomin Sagarzazu alkatearen gordineko soldata 69.191 eurokoa izango da urtean, Txisun Altunarena 57.482 eurokoa, eta Maria Serranok, Juan Luis Silanesek eta Gotzone Larrartek 42.579 euroko gordineko ordainsaria jasoko dute. Igor Enparan oposizioko buruak, berriz, 38.321 euro jasoko ditu.
Berritasun bezala, udalak ordaintzen ez dien gainontzeko udal kideek deietak jasotzeko aukera izango dute plenoetan eta batzorde informatiboetan parte hartzeagatik; 100 euro plenoetara joateagatik, 40 euro batzorde informatiboetan parte hartzeagatik. EAJ izan zen ordainsarien puntuan alde bozkatu zuen bakarra. Abotsanitzek soldata altuegiak direla adierazi zuen, eta abstentziora jo zuen, EH Bilduk bezala. PSE-EE kexu azaldu zen Euskal Legeak Hondarribiaren biztanleria duten herriek zazpigarren ordainsari bat onartzeko aukera ematen duela, eta hori oposizioarentzako eskatu zuen.
Alkatetzako idazkari eta alkatetzako aholkulari lanpostuak berretsi zituzten jarraian. Hirugarrenik, udal talde bakoitzak “bere eginkizunen garapenerako” jasoko dituen kantitateak onartu zituzten. Udal talde bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu hilero, eta beste 600 euro hauteskundeetan lortu zuten ordezkari bakoitzeko.
Erakundeetako ordezkaritza
Plenoko azken puntuek Hondarribiko Udala ordezkatuta dagoen erakundeetako ordezkariak izendatzeko balio izan zuten. Txingudiko Zerbitzuetako bileretara Sagarzazu, Altuna eta Serrano (EAJ), Enparan (Abotsanitz), Noemi Odriozola (PSE-EE) eta Isasi (EH Bildu) joango dira; erakunde horretako administrazio kontseiluan, berriz, Sagarzazuk eta Altunak parte hartuko dute. Bidasoa Biziriken deialdietan Serrano eta Altuna (EAJ) eta Estitxu Urtizberea (Abotsanitz) izango dira udal ordezkariak.
Bidasoa-Txingudi Partzuergoan, berriz, Sagarzazuk, Silanesek eta Noemi Odriozola sozialistak ordezkatuko dute Hondarribia; azken hau, Abotsanitzek bere postua eskainita egingo du. Euskal Fondoan, berriz, Arantza Rojo jeltzaleak parte hartuko du. Kalixa Silanesek herriko ikastetxeen organo gorenean ordezkatuko du udala, baita Behemendi Landa Garapenerako Elkartean ere. Ortzibian alkatea izango da ordezkaria, eta Kasino Zaharrean Gotzone Larrarte.
Bukatzeko, Arma Plaza Fundazioan patrono izango diren kideak erabaki zuen plenoak. EAJk bost ordezkari izango ditu (Sagarzazu, Altuna, Serrano, Silanes eta Larrarte), Abotsanitzek bi (Enparan eta Aitzol Arroyo), eta bana PSE-EEk (Alvarez) eta EH Bilduk (Isasi). Aurreko zikloan oposizioak “galdutako konfiantzaz” mintzatu ziren puntu hori lantzerako orduan eta alkatea hitz egiteko prest azaldu zen: “Hitz egin behar dugula argi dago”.