Lau hondarribiar Espainiako selekzioarekin
Xabier Irigaray, Xabier Herrador, Unai Etxepare eta Ibai Camarero Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariak aulki mugikorreko Espainiako selekzioarekin kontzentratuta daude. Asteburuan Espainiako txapelketa egin zuten Banyolesen (Girona, Herrialde Katalanak) eta bertan entrenatzen geratzeko Espainiako Arraunketa Federazioaren gonbita jaso dute.
Irigaray, Herrador eta Etxepare gazteak dira, eta Beñat Alkainekin batera urrezko domina lortu zuten Banyolasen, lauko ontzian. Hurrengo egunotan uztailaren 7tik 11ra Tokyon jokatuko den Gazte Mailako Munduko Txapelketarako sailkatzea bilatuko dute.
Camarerok, aldiz, zilarra jantzi zuen 23z azpiko banakakoan. Maila horretan, urteko bi proba nagusietan lehiatzea du helburu: uztailaren 24tik 28ra AEBn jokatuko den Munduko Txapelketa, eta irailaren 7tik 8ra Ioanninan (Grezia) egingo den Europakoa.