Jose Cortes Amunarrizek irakurriko du LGTBI Eguneko pregoia
Ostiralean egingo dute Arma Plazan, eta Paco Clavel izango da protagonista nagusia.
Madrilen bizi den Jose A. Cortes Amunarriz zinegile hondarribiarra izango da ostiralean Arma Plazan egingo den LGTBI Egunaren pregoilaria. Fenomena Elkarteak antolatu du bigarrenez, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin.
Bigarren ekitaldiko izar nagusia Paco Clavel artista andaluziarra izango da, baina Harrotasunaren Eguneko mezua herrian jaiotako pertsona batek irakurriko du, Jose A. Cortes Amunarrizek. Arratsaldeko seiak eta erdietan izango da bere diskurtsoa entzuteko aukera. Aurretik, 18:00etatik, DJ Motoresek berotuko du giroa, eta Clavelen showarekin lehertuko da festa, 20:00etatik 23:00etara.
Hondarribian 1957an sortu zen Cortes Amunarriz. Irakasle izateko ikasi zuen Donostian, baina 1970ko hamarkadan Madrilera joan zen bizitzera, eta zine ikasketak burutu zituen han. Egun, irakaskuntzan lanean ari bada ere, antzerki lanak idatzi eta zuzentzen ditu ere, eta telebistan eta zinemagintzan aritzen da.
Fenomena elkarteak nabarmendu duenez, sei film labur zuzendu ditu Cortes Amunarrizek, “eta LGTBI gaia eta giza eskubideak jorratzen dituzten jaialdi ugaritan 20tik gora sari jaso ditu”: AEBetan, Indian, Kolonbian… edota hemen ondoan, Errenteria Film Laburren Jaialdiko 2016ko ekitaldian.
Iazko Bilboko Zinegoak jaialdian Prendas delicadas bere azken lana aurkeztu zuen, Hedapenak programaren bidez Hondarribian ikusi ahal izan zena. Egun zazpigarrena prestatzen ari da, osotasunean Hondarribian errodatuko duen Zer moduz? film laburra.