Areitio, Espainiako txapeletik puntu batera
Hirugarren geratu da, bigarrenaren puntu kopuru berdinarekin.
Bike Trialeko Espainiako Txapelketan brontzea lortu du Clean Trials taldeko Ion Areitio hondarribiarrak. Cartagena herrian (Murtzia) egin dute asteburuan eta Borja Conejos madrildarrak irabazi zuen.
Azken unera arte ez zen proba erabaki. Puntu bakarragatik gailendu zen Conejos. 11 zigor puntu pilatu zituen, eta 12 puntu bigarren Alejandro Montalvok eta Areitiok. Hirurek maila bikaina eskaini zuten eta hondarribiarra pozik agertu zen “urre zaporezko hirugarren postua” lortuta: “Aspaldidanik ez nuen hainbeste gozatzen bizikleta gainean”.
Bi aste barru Munduko Kopa hasiko du Areitiok. Aurten hiru proba bilduko ditu Munduko Kopak. Lehena Salzburgon (Austria) jokatuko dute uztaileko lehen asteburuan. Beste biak Italian, Val di Solen (abuztuak 23-25) eta Il Cioccon (urriak 11-13).