Laguntza beharko dute Zuloaga Etxea itsaso bihurtzeko
'Moby Dick'-i buruzko zikloa prestazen ari da liburutegia eta elkarlanean egin nahi du.
Hondarribiko Udal Liburutegia Moby Dick liburuari buruzko zikloa prestatzen ari da. Irailetik aurrera iritsiko dira ekitaldi gehienak baina, aurretik, erakusketa ikusgarria sortu nahi dute elkarlanean. Zuloaga Etxea itsaso bilakatzea da asmoa eta uztailaren 2an adin guztietarako atrezzo tailerra antolatu dute.
Iaz Frankenstein eta Mary Shelley izan ziren liburutegiko langileek prestaturiko zikloaren protagonistak. Oraingoan, Herman Melvilleren jaiotzaren urteurrenaren aitzakiarekin, bere lanik ezagunena den Moby Dick liburua izango da egitarauaren oinarria.
Aurreko urtearekiko hori da lehen desberdintasun nagusia. Eta bigarrena, askoz ere eragile gehiagoren artean prestatuko dutela egitaraua. Lagunduko dute, esaterako, Santa Maria Madalena eta Menina tailerrak, Judas Arrieta artista, Blagan Euskara Elkartea, Psilocybe Musika Elkartea, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskola, Done Pedro Kofradia, Arma Plaza Fundazioa, Koldo Mitxelenako Komikigunea eta Tabakalerako Ubik liburutegia.
Uda bukatuta emango dute zikloaren berri, baina gaur aurrerapen bat eman dute liburutegian. Iraila baino lehen hiru ekitaldi prestatuko dituzte, gaur lehenengoa. Arratsaldeko seietan musika eta ipuinak uztartuko dituen emanaldi berezia jasoko du liburutegiak. Musika eskolako Amaia Oca koruko irakasleak eta Maite Franko kontalariak prestatu dute saioa, eta hurbiltzen denak itsasoari buruzko abestiak eta Mody Dick liburuko pasarteak entzungo ditu. Uztailaren 2an, bestetik, atrezzo tailerra egingo dute dagoeneko muntatzen hasi diren erakusketa osatzeko. Eta hirugarrenik, abuztuaren 1ean, askaria, Herman Melvillek 200 urte beteko dituela ospatzeko.
Gaurko agerraldian liburutegiko langile Jon Alberdik nabarmendu duenez, zikloa prestatzeko “bide bezala, ez helburu bezala” ulertu dute Moby Dick liburua. Eta horrek isla izango du egitarauan. Gaur aurreratu dituzten pintzelkadetan argi geratu da hori. Esaterako, hitzaldietan landuko dituzten gaien artean kutsadura, emakumea eta itsasoa, bale harrapaketa, eta itsasoa eta hitza egongo dira. Baina hori udazkenetik aurrera izango da.
Kalixa Silanes Kultura zinegotziak zoriondu egin du liburutegiko lan taldea, abiatu duten ideia berriagatik. Hondarribiak eta itsasoak duten lotura edukita gai ezin aproposagoa dela esan du, eta eragile askoren parte hartzea lortu izana txalotu du.
Psilocybe Musika Elkartea da eragile horietako bat. Bertako kide den Egoitz Alcaraz egon da goizeko prentsaurrekoan, eta liburutegia beraiekin gogoratzeak “krixton ilusioa” egin ziela aitortu du, “eta espero dugu aurrera begira elkarlanean sakontzea”. Irailaren 28rako zikloari lotutako kontzertu bat jasoko du Psilocybea aretoak, zeinena eta Moby Dick artista-izena darabilen Eneko Burzako bakarlari getxoztarrarena. Egun horretan 128 urte beteko dira bale zuri erraldoiaren istorioaren sortzailea hil zela.