Jaizkibel konpainiak baietz esan dio Alarde Fundazioari
Fundazioarekin elkartzeko prest azaldu da Jaizkibel, adostutako bitartekaritzarekin eta gatazka konpontzeko helburuarekin bada.
Jaizkibel konpainia parekidea prest azaldu da Hondarribiko Alardearen antolatzaile Alarde Fundazioarekin elkartzeko. Azken hilabeteotan buruturiko barne eztabaida prozesu baten ondoren erabaki du Jaizkibelek otsailaren 23an Alarde Fundazioak eginiko eskaera onartzea. Jaizkibeli bezala, Joana Mugarrietakoa elkarteari eta Hondarribiko Emakumeak taldeari luzatu zien hitz egiteko gonbita.
Otsailean, baiezkorik ala ezezkorik eman gabe, fundazioaren proposamena “berandu” zetorrela adierazi zuen konpainia parekideak. Ordurako, Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondarribiko Udalaren oniritziarekin elkarrizketa prozesua abiatuta zuen, diskrezioz. Prozesu hori onetsi du Jaizkibelek, eta hitz egiten jarraitzeko erakundeen deiaren zain dagoela adierazi du: “Prest gaude, erakundeen notizien zain”. Izan ere, negu bukaeratik geldirik dagoela dirudi, hain zuzen ere Alarde Fundazioak bere proposamena luzatu zuenetik.
Orain, Alarde Fundazioari ere baietz esan dio Jaizkibelek, “Alarde Fundazioarekin elkarrizketa mahai baten bueltan esertzeko” erabaki du. Eta horretarako bi baldintza jarri ditu.
Batetik, bitartekaria bi aldeen gustukoa izatea: “Elkarrizketetako bitartekaritzak Alarde Fundazioaren eta Jaizkibel Konpainiaren onespena jaso beharko du”. Alarde Fundazioak bitartekaria Txomin Sagarzazu alkatea izatea proposatu zuen, baina Jaizkibelek ez du alkatea bitartekari gisa ikusten, orain artean Fundazioaren alde jokatu izan duelako.
Bigarrenik, elkarrizketen helburua gatazka konpontzea izan behar da: “Elkarrizketa horien helburua Alarde Fundazioak, Jaizkibel Konpainiak eta Hondarribiko herriak Alardearen gatazkarako konponbide adostu bat lortzea izango da, Alardea hondarribiar guztion kultur ondare ez-materiala delako”. Alarde Fundazioaren proposamenak, aldiz, “errespetu giroa sortzea” bilatzen zuen.