Tximist Cup, handiagoa eta nazioartekoagoa
Ostiraletik igandera jokatuko dute Hondartza kirolguneko hainbat zelaietan. 500 futbolari bilduko ditu.
Emakumeen areto futboleko Tximist Cup Nazioarteko txapelketa jokatuko dute asteburuan Hondarribian. Ostiral arratsaldean hasi eta igande eguerdira arte, ia 500 futbolari lehiatuko dira Hondartza kiroldegiko hainbat zelaietan. 29 taldek eman dute izena, 21 areto futboleko txapelketan, beste zortzi, Haurren Mailakoak, futbol-7an ariko dira nor baino nor. Futbolariak izango dira protagonista nagusiak, baina hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte hurbiltzen direnentzat.
Gaur aurkeztu dute IV. Tximist Cup, jokatuko den lekuan. Bertan izan da Aintzane Encinas Realeko jokalari ohia eta Tximist Cup txapelketako sortzailea, eta ondoan izan ditu babesle nagusietako ordezkariak: Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia, Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Gipuzkoa Kutxa Solidarioko arduradun Elena Rosales, Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria eta Ioritz Errezola, azpiegiturarekin laguntzen duen Klink elkarteko presidentea.
Encinasek eskerrak eman dizkie txapelketa babestu dute erakundeei, “aurten laugarren aldiz hemen jarraitzea posible egin dutelako”. Laugarren urtea eta handiena, jokalari kopuru gehien bildu dituena. “500 futbolari baino gehiago mugituko ditugu”. Urtetik urtera handitu egin da Tximist Cup, eta aurten azalera gehiago beharko du. “Nagusien partidak, areto futbolekoak, kiroldegi barruan eta kanpoko zelai txikian jokatuko dira –azaldu du Encinasek–. Haurren mailakoak belar artifizialeko kanpoko zelaietan”. Haurren lehia larunbatean hasi eta larunbatean bertan bukatuko da. Nagusien txapelketak, aldiz, ostiral arratsaldetik igande eguerdira arte iraungo du.
Hondarribiko Udalak eta Realak lehen ekitalditik babestu dute txapelketa, batez ere kontuan izanik Juan Carlos Samaniego Tximist zena omentzeko asmoa duela. “Realarentzat oso garrantzitsua da txapelketak Tximisten izena eramatea –aitortu du Etxeberriak–, emakumeen sailerako askoz gehiago. Hasiera ez zuen erraza izan txapelketak, baina laugarren urtea betetzea benetan pozgarria da guretzat da”.
Silanesek ezinbesteko bilakatu dela baloratu du: “Dagoeneko egutegian kokatuta” dagoela esan du. Hurrengo ekitaldietan udalaren babesa izaten jarraituko duela ziurtatu du zinegotziak, eta asteburuan Hondartzara hurbiltzeko animatu ditu herritarrak: “Gozamena da hainbeste neska ikustea kirola egiten”. Etxeberriaren ustez, kirol arloari erreparatuta aukera polita da: “Etorriko diren jokalarientzat hain leku eder batean eta hain ondo antolatutako txapelketa batean jokatzea aukera polita da”. Reala haurren txapelketan presente egongo dela aurreratu du, “Gipuzkoa Mailako selekzio moduko batekin”.
Eragina turismoan eta ekonomian
Nazioarteko txapelketa izaki, eragin ekonomiko handia duela nabarmendu du Maite Cruzado. “Promozio eragina du etorriko diren taldeen herrietan, eta eragin ekonomikoa du egiten den herriko ostalaritzan”. Horrez aparte, Tximist Cup txapelketak “lurraldearen irudi bikaina” islatzen duela erantsi du turismoko foru zuzendariak: “Irudi hori kirolari eta baloreen transmisioari lotuta azaltzen da, kirolean parekidetasuna dagoelako oinarrian”.
Aldundiak bezala, Kutxa Fundazioak ere laguntzen du Tximist Cup antolatzen, olidarioa programaren barruan. “Emakumearen parte hartzea gizartean sustatzeko helburua izanik, egokia iruditzen zitzaigun Tximist Cup laguntzea”, azaldu du Rosalesek.