Txomin Sagarzazu: "Elkarrizketa erabiliko dut tresna nagusi modura"
Gaur egin dute Udalbatza berria eratzeko eta alkate izendatzeko bilkura. Txomin Sagarzazu aukeratu dute Hondarribiko alkate bigarrenez.
Beste lau urtez Hondarribiko alkate izango da Txomin Sagarzazu jeltzalea. Gaur goizean egin dute Udalbatza berria eratzeko eta alkate izendatzeko osoko bilkura, agintaldi berriko lehenengoa. EAJk hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu zuenez, ezer ez zegoen gaur jokoan, herritarrek erabakitakoa gauzatzea baino ez.
Hamazazpi zinegotziek haien akreditazioak egiaztatu eta gero burutu da alkatea izendatzeko bozketa. Txomin Sagarzazuk (EAJ) eta Igor Enparanek (Abotsanitz) euren burua aurkeztu dute bozketara, eta bakoitzak bere udal taldeko kideen bozkak jaso ditu, bederatzi Sagarzazuk eta lau Enparanek. Horrenbestez, Txomin Sagarzazu aukeratu dute Hondarribiko alkate bigarrenez.
Karguaz jabetu ondorengo hitzaldian, hurrengo lau urteetan batzarkide izango dituen beste hamasei zinegotziak zoriondu ditu aurrena Sagarzazuk: “Zorionak zuetako bakoitzari eta zorionak denaki, herritarrek askatasunez eta modu demokratikoan beuden ordezkari izatea erabaki dutelako”. Herriaren ordezkari izango direla kontuan hartzeko eskatu die udal kideei: “Gure egitekoak merezi ttuen duintasuna eta errespetua aldarrikatu nahi ttut hementxe. Hala ere, duintasuna eta errespetua egunero-egunero erakutsi behar ttugula ere kontuan hartu behar dugu”.
Alkate izendatu dutelako esker ona azaldu du jarraian alkateak, eta bide horretan lagun izan dituenei zuzendu zaie: “Eskerrik asko zinegotzioi alkate hautatu nazialako, eskerrak konfiantza eman diguten herritarraki, eskerrak gure hautagaitzan parte hartu eta lagundu duten denaki, eskerrak EAJri eskainitako girixi eta babesagatik, eskerrak beste hautagaitzaki botua emantako herritarraki eta batez ere eskerrak etxekoaki”.
Bigarrenez gobernatuko du Sagarzazuk, bera izan baita alkate aurreko agintaldian ere. Eskarmentu horretaz mintzatu da, alkate izateak alde onak eta txarrak dituela onartuta: “Ederra da txol, exijentea oso, eta zenbaitetan gogor-gogorra ere bai. Ez du esker onekoa ematen batzuetan, batez ere, nahiz eta iñalak egin, asmatu ez duzula uste duzunean, zure mugak ukitzera allatu zerela sumatzen duzunean… biñon beti, beti, herriaren alde eta herritarraken alde ari zarela hartu behar duzu gogoan. Horregatik, barkamena eskatu nahi dut zueken aurrean aurreko urteetako erabakiren batekin asmatu ez badut eta kaltea eragin badut”.
Aginte-makila eskuetan hondarribitar guztientzat gobernatzeko konpromisoa hartu du: “Hondarbitar guztien alkatea izatea da nere erronka, hondarbitarrekin eta hondarbitarrakentzat. Eta erronka horreri, erantzukizunez ekingo diot: hitz eman dut arretaz, gardentasunez, dedikazio eta ilusio osoz beteko dudala. Eta elkarrizketa erabiliko dut tresna nagusi modura”.
Horretarako “taldean aritzea ezinbestekoa” izango dela esan du jarraian, “ezinbestekoa izateaz gain, askoz aberasgarriagoa eta emankorragoa da”. Eta udala irekitzeko borondatea azaldu du, udal agintaldi planean herritarren eta beste udal taldeen ekarpenak jasotzeko: “Horregatik jorratuko dugu gobernu-taldean hainbat herritarrekin batera landu dugun gure hauteskunde-programa eta udal langileekin eta beste udal talde politikoekin alderatu eta gero, herritarrekin partekatuko dugu 2019-2023 udal agintaldi plana izan dadin”.
Bigarren agintaldia izaki, ez da zerotik hasiko, “badugu martxan den hiri-proiektua, eta gainera, kudeaketarekin ederki kontrastatua, eta horrek konfiantza eta erantzukizuna ematen ttigu etorkizunari aurre egiteko. Hala, herritarrei zuzendu zaie, “ziur egon behar dute hondarbitarraken bizi kalitatea igotzeko lan egingo dugula. Eta besteari entzunez egingo dugu”.
Bost oinarri
Proiektu zehatzak lantzen “astelehenetik aurrera” jardungo duela esan badu ere, gaur hasi den agintaldian landu beharreko bost gai aipatu ditu alkateak. Batetik, giza-eskubideak eta bizikidetza: “Ezinbestekoa dugu udalaren ekarpena egitea besteren biziari zor zaion begirunea izateko eta era berean, indarkeria-hamarkaden eraginez egintako giza-eskubiden urraketek erakarritako arazoak bideratzen laguntzeko”.
Bestetik, parekidetasuna: “Gure gizartean emakumeek izan beharreko protagonismoari bidea zabaltzen segitu behar dugu”. Eta udalak indarkeria matxistaren kontra “irmo segitu” behar duela gaineratu du.
Hirugarrenik, lurraldetasunaz eta mugez mintzatu da Sagarzazu, eskualdekoaz, lurraldeaz, eta nazioaz: “Hondarribia hobetu nahi dugu gure lurraldea eta Euskal Herria hobetzeko. Bidasoa-Txingudi elkarri begira eta elkarrekin lanean ari diren Hendaia, Irun eta Hondarribia izateko. Gipuzkoa indartsu eta solidarioa izateko. Eta Euskal Herria demokraziaz eta askatasunez hornitzeko”.
Laugarrenik, “behar handiena duten herritarrekiko elkartasuna” aipatu du, eta elkartasun hori egunero gauzatu beharra nabarmendu.
Eta azkenik, euskararekiko konpromisoa berretsi du: “Kezka handia dugu Hondarribian euskaraz dakigun biñon gutxiago egiten dugulako. Alkate-zinegotzi eta udal langileok euskara lan, zerbitzu eta kale hizkuntza izateko lan egin behar dugu”.