Kolore guztiak, eta krabelin bat
Paco Clavel artista andaluziarrak showa eskainiko du Fenomena Elkartea hilaren 28rako antolatzen ari den Hondarribiko LGTBI+ Egunean.
LGTBI+ Eguna ospatuko dute hilaren 28an Hondarribian, bigarrenez. Iaz bezela, Fenomena Kultur Elkartea ari da aurtengo ekitaldia prestatzen eta dagoeneko egitarauaren zatirik handiena jakinarazi dute. Eta distira handiko pertsona bat ageri da kartelean, Paco Clavel artista andaluziarra. Clavelek showa eskainiko du hilaren 28an Arma Plazan.
Iaz festa mugikorra egin bazuten ere, aurten Arma Plazatik mugitu gabe aldarrikatuko dute LGTBI Harrotasunaren Eguna. Arratsaldeko seietan hasiko da festa. Pregoia zeinek irakurriko duen ez dute oraindik aurreratu. Bai, ordea, musika giroa sortzeko arduradunen izenak. DJ Motores ariko da aurkezpenaren ondoren, eta Paco Clavel, 20:00etatik aurrera.