Estreinaldi ezin hobea izan du Tatapas Gastrotekak
Kale Nagusiko establezimendu berriak irabazi du Erdi Aroko pintxo lehiaketa.
Tatapas Gastrotekako Adur Arrieta sukaldariaren Cordero, pan y vino sorkuntzak irabazi du Hondarribiko XII. Erdi Aroko Pintxo lehiaketa. Ez dago hobeto hasterik, udaberrian ireki baitute Tatapas Kale Nagusian. Horrenbestez, Cordero, pan y vino izango da herriko ordezkaria Hiri eta Hiribildu Sarearen pintxo lehiaketen aurtengo finalean. Lizarran (Nafarroa) egingo dute, urrian.
Gaur jakinarazi dute irabazlearen izena udaletxean egin den ekitaldian. Maria Serrano Turismo eta Merkataritza zinegotziak esker ona adierazi die lehiaketan izena eman zuten zazpi establezimenduei. Epaimahaiko kide izan den Arroka-Berriko Gorka Cepedak aurkeztu diren mokadutxoen maila nabarmendu du: “Maila bikaina dagoela argi dago, eta ziur gaude herria behar moduan ordezkatuko duela urriko lehiaketan”.
Gustura azaldu da Arrieta saria lortuta, eta lehiaketa berezi honen zailtasunak nabarmendu ditu: “Ez da batere erraza izan pintxo berri bat sortzea, kontutan izanda soilik Erdi Aroan erabiltzen ziren produktuekin konta daitekeela. Ongi lan egin dugula uste dut eta ohore bat izango da niretzat Hondarribia ordezkatzea Lizarran. Han ere lan ona egiten saiatuko gara”. Dastatu ez duenak ostiralera arte izango du horretarako aukera.
Biondar taberna izan da lehiaketako beste sariduna. Santiago kaleko erretegiak herri epaimahaiaren saria jaso du, Eneko pintxoagatik.