Zaharra, zaharregia agian
Erdi Aroko Azoka egingo dute asteburuan Hondarribian. Milaka bisitari erakarriko ditu, baina bertakoak interesa galtzen hasi dira.
Sortu zenekoa bezalakoa, horrelakoa izango da bihar eta etzi Hondarribia. Erdi Aroko Azoka egingo dute 22. aldiz, eta milaka bisitarik zapalduko dituzte Hirigune Historikoko galtzada-harriak. Arma, Gipuzkoa eta Apezpiku plazak, Denda eta San Nikolas karrikak, Fraxkueneko Murrua, eta Kasino Zaharreko lorategia izango dira gune nagusiak, baina Alde Zahar osoan eragingo du, baita harresitik kanpora ere.
Asteazkenean Kalixa Silanes Kultura zinegotziak aurkeztu zuen aurtengo ekitaldia. «Ezinbesteko ekimen batean bilakatu da Erdi Aroko Azoka», adierazi zuen. Bihar eta etzi, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, jardueraz eta bisitariz gainezka egingo du hiribilduak. «Bi egunetan zehar tailer ezberdinak egongo dira adibidez lore, buztin edo beira puztu tailerrak. Musika eta antzerkia ere protagonista izango da kaleetan zehar», erantsi zuen.
Ezer gutxirekin ikusgarria den monumentu multzoa askoz ere erakargarriagoa bilakatzen da ekaineko ferian zehar. Horretan, dudarik ez da. Baina bertakoentzat errepikakorra bihurtu da. Badira urte batzuk jarduerak Kasino Zaharreko lorategietaraino iritsi zirela, eta azokak asko eskertu zuen zabaltzea. Baina hor bukatu ziren berritasunak. Bisitariei bost, plan bikaina delako haientzat.
Baina herritarrak interesa galtzen hasiak dira, egitarauak ez baitu nobedaderik eskaintzen. «Denetatik izango dugu, arotzak, errementariak, upelgileak, urreginak, harginak, kontu kontariak, ardiak eta abar. Guztira 80 postu baino gehiago egongo dira», nabarmendu zuen zinegotziak asteazkenean. Iazko prentsaurrekoan esandako berdina, azoka berbera.
Arma Plaza, eta plazarekin bat egiten duen San Nikolas karrika dira gune nagusietako bi. Arma Plazaren eta San Nikolas karrikaren arteko izkinan dago hain zuzen ere Leire Baron eta Maider Camararen Ttopara kafetegia. Bihar eta etzi, egunean 11 pertsonak egingo dute lan, «bederatzi, baina guk errepikatuko dugunez, 11», zehaztu du Baronek.
Egun berezia da Ttopararentzat, langile guztiak mozorrotzen direlako, kafetegi kanpoan pastel eta ogi berezien postua jartzen dutelako, baina baita terrazarik ez dutelako ere. Alde onak ditu, baina ez bakarrik. «Arriskutsua da, normalean hartzen ez dugun generoa erosi behar izaten dugulako, eta eguraldia okertuz gero, asko gal dezakegulako». Ibiltzen den jende kopuruagatik eta plazan muntatzen diren postu eta azpiegiturenagatik ez diete terraza jartzen uzten, «eta terrazak ekaineko asteburuetan ondo funtzionatzen du». Baina dena ongi ateratzen bada, egun ona izango da Ttopararentzat.
Hori bai, jardunaldiek buelta bat behar dutela uste dute bertakoek. «Ni aspertu egiten nau, urtero berdina da», esan du Camarak. Baron ados dago lankidearekin: «Badira gauza batzuk funtzionatzen dutenak, labirintoa, aurpegiak margotzeko postua, buztin tailerra… Baina egitaraua errepikatzen da urte batetik bestera, eta jendea aspertuta dago». Hondarribiarrak erakartzeko zerbait behar dela uste dute, «Erdi Aroan bezalako herri bazkari bat, edo antzerako zerbait… berritasunak behar dira».
Azken beiragilea
Arrakasta izaten duten jardueretako bateko protagonista Igor Obeso beiragile hondarribiarra da, Irungo Argia Badago tailerreko arduraduna. «Nire plana jendearen aurrean lan egitea da, beirazko figurak egitea», azaldu du. Euskal Herriko beiragile artisau bakarra da Obeso, eta galtzear den lanbidea erakustea du helburu Erdi Aroko Azokan, «haurrek nahiz helduek ikus dezaten gure lanbidea nolakoa den».
Bisitariak Gipuzkoa plazan aurkituko du hondarribiarra beira puztua teknika baliatuz tximeletak, zaldiak eta abar sortzen. Bestelako piezak ere salduko ditu, tailerrean aurretik sortuak. Arrakasta du Obesok, beti izaten du jende pila hari begira. Haren ustez, hura bezalako jende gehiago behar luke azokak: «Ofizio gehiagoren tailerrak beharko lirateke. Horrek erakargarritasuna emango lioke azokari, baita ospea ere».
Damarri plazan, extramuros, ez da izaten Arma Plazako uholderik, baina jende asko ibiltzen da. «Egun gehiagoz egingo balute, hobe guretzat», aitortu du Eneko Oiartzabal Larra tabernako arduradunak. Alde Zaharrak Portuak baino askoz ere bisitari gutxiago jasotzen ditu urtean zehar eta, hori horrela, Erdi Aroko Azokari begira egoten dira bertako ostalariak. «Ez da abuztuan bezala baina ia-ia, jende pila etortzen da. Beste pertsona bat kontratatu behar izaten dugu asteburu honetarako», nabarmendu du ostalariak.
Damarri plaza ez da azokako ibilbidean sartzen, baina Kasino Zaharretik oso gertu dago, oinez minutu erdi eskasera. Jendea erakarri nahian, Erdi Aroko pintxo lehiaketan parte hartzen du Larra tabernak, aurten hirugarrenez: «Esfortzua da, sukaldariak garaiko osagarriekin pintxo bat sortu behar duelako, eta pintxoa eskaini behar duzulako». Onartu du ez direla lehiaketako pintxo asko zerbitzatzen, «hogeiren bat, baina beti izaten da taberna leporaino beteta dagoenean eskatzen dizuna. Arazo pixka bat eragiten du horrek, baina horretarako gaude, lan egiteko», gaineratu du.
Damarritik Santa Maria arkua zeharkatu eta Kale Nagusia igotzen hasi orduko Jonan Basterretxea eta Idoia Seijoren Menina arte tailerra dago. Artisauak dira biak, txotxongiloak, maskarak eta antzerakoak sortzen dituzte, eta horren erakusle da tailerreko erakusleiho ikusgarria, turisten arreta aise pizten duena. « Alde Zaharrari bizitza emateko jarduera da Erdi Aroko Azoka», horrela ulertzen du Basterretxeak: «Asteburuan Alde Zaharra eraldatzen da, historiako beste garai batean sartzen gara, polita da».
Damarri bezala, Kale Nagusiko behealdea azokaren zurrunbilotik aparte geratzen da, baina Meninakoek inoiz baino gehiago bizituko dute aurten merkatua: «Alabak postua jarriko du, lehen aldiz jarriko dugu. Atrezzorako gauzak egin izan ditugu, baina lehen aldia izango da postua jartzen duguna». Alaba postuan, senar-emazteak tailerra zaintzen geratuko dira, erostera hurbiltzen direnei kasu egiten.
Auzoa pizteko balio duelako begi onez ikusten du bikoteak Erdi Aroko Azoka, are gehiago eurena ofizio zaharra izanik. Baina gehiago beharko lukeela uste dute Meninakoek. «Gauza gehiago egin beharko lirateke. Adibidez, Hirigune Historikoko sarreran, Portutik Alde Zaharrerako sarreran, polborina dago, zaharberritua baina hutsik. Eraikin ederra da, udalarena, niretzat akats handia da polborina ez erabiltzea». Mila gauzarako erabil daitekeela uste du, «erakusketak, tailerrak, proiekzioak… ez dakit, edozertarako».
Lekurik ez dioen kartela zintzilik dago herriko ostatu guztietan, aspalditik. Milaka eta milaka bisitari hurbilduko dira bihar eta etzi Hondarribira, Hirigune Historikoko karrika eta plazetan denboran atzera egitera. Bisitari asko, herritarrak ez hainbeste. Polborina erabiltzea, artisau tailer gehiago jartzea, garaiko bazkaria zerbitzatzea… Erdi Aroko Azoka hobetzeko proposamenak dira, urtero azokan lan egin behar izaten dutenen ahotik ateratakoak. Ikusten baitute bertakoengan geroz eta interes gutxiago pizten duela jarduerak, eta buelta bat eman behar zaiola uste dutelako. Azoka bera piztu, Alde Zaharra pizteko.
Hurbiltzen direnek argazki lehiaketan parte hartzeko aukera dute
Asteburuan ospatuko den Erdi Aroko Azokari begira argazki lehiaketa antolatu du Hondarribiko Udaleko Merkataritza eta Turismo departamentuak. Bihar eta etzi azokan ateratako argazkiak onartuko dira lehiaketan, eta uztailaren 3ra arte izango da lanak aurkezteko epea. Hiru argazki onenak sarituko dituzte, 500, 400 eta 300 eurorekin.
Argazkilari bakoitzak gehienez lau argazki aurkez ditzake, 20×30 zentimetroko neurrian, koloretan edo zuri beltzean, marko eta euskarririk gabe (ikusi oinarriak).
Aurrenekoz parte hartuko duenarentzat interesgarria da iaz saritutako argazkiak nolakoak ziren jakitea. Egunotan iazko ekitaldiko argazkien erakusketa bisita daiteke Arma Plaza kultur eta informazio guneko goiko solairuan. Hilaren 16ra arte dago aukera, 10:00etatik 19:00etara (igandetan, goizez).
Orotara 99 argazki biltzen ditu erakusketak, eta horien artean daude hiru sarituak: Omar Igualen Preparado ante la amenaza (lehen saria), Javier Ortizen Monje (bigarrena) eta Manu Barreiroren Manos de artista (hirugarrena).
Garai batean bezalako zazpi mokadutxo dastatzeko aukera
Joan den ostiraletik abian da Hondarribiko XII. Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa. Etzi bukatuko da, azokaren itxierarekin. Zazpi dira aurten lehiatzen diren establezimenduak, Portu auzoko lau (Sardara, Rafael, Enbata eta Biondar) eta Alde Zaharreko beste hiru (Danontzat, Larra eta Tatapas). Zazpi taberna, zazpi sukaldari eta zazpi pintxo, Europan Erdi Aroan ezagutzen ziren jakiekin soilik prestatutakoak; hori da Erdi Aroko pintxo gisa onartuak izateko baldintza.
Hainbat gauza daude jokoan. Batetik, sari nagusia. Irabazleak Hondarribia ordezkatuko du Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen Sareak antolatzen duen Erdi Aroko XII. Pintxo eta Tapa Nazioarteko Lehiaketan. Lizarran (Nafarroa) egingo da, urrian.
Bestetik, herri epaimahaiaren saria. Tabernetan edo turismo bulegoetan eskura daitezkeen kupoietan gutxienez hiru establezimendutako zigiluak lortu behar dira parte hartzeko. Hau da, gutxienez lehiaketako hiru pintxo probatu behar dira.
Eta hirugarrenik, Guardian (Araba) bi gaueko egonaldia bi lagunentzako, gosaria barne eta hirigune historikoan bisita gidatua. Hori ere jokoan da. Herri epaimahaiaren sarirako kupoien artean egingo da zozketa.
XII. Erdi Aroko Pintxoen Lehiaketa
Biondar (Santiago kalea, 47).
Eneko – Iker Gallego.
Ogi torra, gainean dituela azalore krema, txerri torra hezurra kendua eta glaseatua bere zukuan ozpin-pepino maionesa eta ozpinez ondutako tipula.
Danontzat (Denda kalea, 6).
Ikatz – Gorka Irisarri.
Krep beltza honakoez betea: txahal urrixa buztana, gaztaina krema anisean, piku beratua eta behi urdaia maionesa ketu baten gainean eta urdai frijitu lurra.
Enbata (Zuloaga kalea, 5).
Paketun – Josu Salvatierra.
Ogi pakete kurruskaria, urdaia eta hegalmotza, trufadun azalore-kremarekin eta orejoi erreekin.
Larra (Damarri plaza, 4)
Cómelot – Manuel Ferrer.
Taloa, abelburu urdaiztatuaren haragia gazta kremarekin.
Rafael (San Pedro kalea, 10).
Talo lao – Iosu Carrion.
Bakailao xaflez eta bakailao tripaki errekiz betetako gari irin eta bakailaozko taloa.
Sardara (San Pedro kalea, 12).
Txipi – Gorka Souto.
Txipiroi Bao ogia txerri-hanka eta muturrez egindako biribilkiarekin, eta txipiroi tallarinekin.
Tatapas (Kale Nagusia, 31).
Cordero, pan y vino – Adur Arrieta.
Arkume saiheskia fruitu lehorrekin ogi errezelean eta ardo gozoan bilduak.