Hilda Lizarazu lehen aldiz Europan, eta Hondarribian
Hilda Lizarazu abeslari argentinarrak kontzertua eskainiko du ostiralean Hondarribiko Itsas Etxean, 20:00etan. Sarrerak 4 euroan eros daitezke Arma Plazan edo Interneten; ostiralean, leihatilan jarriko dituzte salgai, emanaldia hasi baino bi ordu lehenago.
Lehen aldia da Lizarazuk Europan joko duena. Sola en los bares biraren barruan egingo du, ondoan Federico Molioli duela. Euskal Herrian, eta bereziki Hondarribian jotzea polita izango dela aitortu du argentinarrak: “Harreman poetikoa eta platonikoa dut Euskal Herriarekin, euskal herritarra baitut aitona. Eta bereziki Hondarribira etortzeak betetzen nau, Hondarribitik abiatu baizen nire aitona Argentinarantz”.
Itsas Etxekoa emanaldi akustikoa izango da, eta Argentinako pop eta rock klasikoak bere kanta propioekin uztartuko ditu.
Arrakasta, Man Rayrekin
Pop talde askotan abestu du Lizarazuk, baina batez ere Toto Losaviorekin sorturiko Man Ray bandarekin lortu zuen arrakasta. Aurten hamarkada bat betetzen da bakarreko bidea hartu zuenetik. Denbora horretan zazpi disko grabatu ditu eta lau aldiz irabazi du Argentinako emakumezkoen pop disko onenaren Gardel saria.