Garai bateko zazpi mokadutxo
Abian da Hondarribiko XII. Erdi Aroko Pintxo lehiaketa. Ikusi parte hartzen duten tabernak, sukaldariak eta pintxoak.
Abian da Hondarribiko XII. Erdi Aroko Pintxo lehiaketa. Maiatzaren 31ean hasi zen eta igandean, hau da, Erdi Aroko Azokaren itxierarekin bukatuko da. Zazpi dira aurten lehiatzen diren establezimenduak, Portuko lau eta Alde Zaharreko beste hiru. Zazpi sukaldari eta zazpi pintxo (ikusi behean zerrenda), Euskal Herrian Erdi Aroan ezagutzen ziren jakiekin prestatutakoak.
Hainbat gauza daude jokoan. Batetik, sari nagusia. Irabazleak Hondarribia ordezkatuko du urrian Lizarran egingo den Erdi Aroko XII. Pintxo eta Tapa Nazioarteko Lehiaketan. Arraunlari Berri jatetxeko Aitor Amutxastegik, Arroka Berriko Gorka Cepedak eta gastronomia turismoan aholkulari den Nere Ariztoyk osatuko dute epaimahaia.
Bestetik, herri epaimahaiaren saria. Tabernetan edo turismo bulegoetan eskuratu daitezkeen kupoietan gutxienez hiru establezimendutako zigiluak lortu behar dira parte hartzeko. Hau da, gutxienez lehiaketako hiru pintxo probatu behar dira. Tabernetan edo turismo bulegoetan utzi behar dira kupoiak igandera arte (barne). Boto gehien lortzen dituen sukaldaria sarituko da.
Eta hirugarrenik, Guardian bi gaueko egonaldia bi lagunentzako, gosaria barne eta bisita gidatua hirigune historikoan. Hori ere jokoan da. Herri epaimahaiaren sarirako kupoien artean egingo da zozketa.
XII. Erdi Aroko Pintxoen Lehiaketa
Biondar (Santiago kalea, 47).
Eneko – Iker Gallego.
Ogi torra, gainean dituela azalore krema, txerri torra hezurra kendua eta glaseatua bere zukuan ozpin-pepino maionesa eta ozpinez ondutako tipula.
Danontzat (Denda kalea, 6).
Ikatz – Gorka Irisarri.
Krep beltza honakoez betea: txahal urrixa buztana, gaztaina krema anisean, piku beratua eta behi urdaia maionesa ketu baten gainean eta urdai frijitu lurra.
Enbata (Zuloaga kalea, 5).
Paketun – Josu Salvatierra.
Ogi pakete kurruskaria, urdaia eta hegalmotza, trufadun azalore-kremarekin eta orejoi erreekin.
Larra (Damarri plaza, 4)
Cómelot – Manuel Ferrer.
Taloa, abelburu urdaiztatuaren haragia gazta kremarekin.
Rafael (San Pedro kalea, 10).
Talo lao – Iosu Carrion.
Bakailao xaflez eta bakailao tripaki errekiz betetako gari irin eta bakailaozko taloa.
Sardara (San Pedro kalea, 12).
Txipi – Gorka Souto.
Txipiroi Bao ogia txerri-hanka eta muturrez egindako biribilkiarekin, eta txipiroi tallarinekin.
Tatapas (Kale Nagusia, 31).
Cordero, pan y vino – Adur Arrieta.
Arkume saiheskia fruitu lehorrekin ogi errezelean eta ardo gozoan bilduak.